Liburu artean murgilduta

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 13a, 10:14

Udaberrian itxura aldatuta ireki zituen ateak Orioko liburutegiak, eta Txiki Txokoa jarri zuten martxan. Gune berriak, haurrek gurasoen laguntzarekin ipuinen eta liburuen mundua deskubritzea du helburu.

Aste Santuko oporretan, Pazko Astean ireki zuten Orioko Udal Liburutegi berritua, eta aldaketa egin zutenetik erabiltzaile kopuruak gora egin duela azaldu du Orioko liburutegiko liburuzain Miren Anduezak. «Pasa den urte bukaeran mahaiak eta aulkiak aldatu zituzten, eta udaberrian apalategiak. Aldaketa txikia badirudi ere, espazioak argitasuna irabazi du, eta erosoagoa eta erakargarriagoa bihurtu da herritarrentzat. Jende gehiago etortzen hasi zela antzeman nuen hasieratik, eta erabiltzaile batek aitortu zidan, lehen zeuden apal ilunetan ez zirela liburuak ikusi ere egiten».

Anduezak 1992an hartu zuen liburutegiaren ardura, eta ondo ezagutzen du Orioko liburutegiak izan duen bilakaera. Hala, 90eko hamarkadan batetik bestera ibili zirela adierazi du. Hasieran, udaletxe zaharraren azpian zegoen liburutegia; gero, Maisu Etxeko beheko solairura pasa ziren, eta handik Kosta Tailerrera. Azkenean, 1996an zabaldu zituen ateak Orioko Kultur Etxeko liburutegiak. Ordutik, bi hamarkadatan ezer gutxi aldatu zuen udalak liburutegian, eta «zaharkituta geratu zen». Horregatik, Orioko Udalak udaberriaren hasieran egin zuen obra «aurrerapauso» garrantzitsua izan dela uste du liburuzainak.

Txiki Txokoa

Txiki Txokoa sortzea izan da liburutegiko berrikuntza garrantzitsuena. Haurrentzat egokitutako gunea moldatu dute, kristalezko egitura batez inguratua;  haurrak lasai ibiltzeko aproposa dela iruditzen zaio Anduezari. «Toki atseginda da, eta haur eta guraso mordoa erakartzen dira bertan. Hala ere, batzuetan gurasoei gogorarazi behar izaten diet liburutegia ez dela ludoteka bat. Ez da etxeko txikiak jolasean aritzeko gunea, umeak gurasoekin batera liburuak ikusten egoteko espazioa baizik». 

Liburuzainaren arabera, Txiki Txokoa «oso ondo» erabiltzen dute gehienek, baina sarri gertatzen den bezala, salbuespenak badaudela aitortu du. 

Euskaraz irakurtzen

Anduezak liburutegiaren ardura hartu zuenetik, oriotarren irakurtzeko ohiturak asko aldatu dira. Batetik, uste du, orain lehen baino askoz gehiago irakurtzen dela euskaraz. «Ni Oriora etorri nintzenean, herritarrek euskaraz hitz egiten zuten, baina askok gaztelaniaz ikasi zutenez, zaila egiten zitzaien euskaraz irakurtzea. Orain guztiz aldatu da joera hori».

Bestetik, teknologia berriek eta euskarri digitalek liburutegiko erabiltzaileen martxa aldatu dutela ere azaldu du. «Askok E-Liburutegia zerbitzua erabiltzen dute». Hiru asterako mailegatzen dira liburu digitalak webgune horretan, eta epea pasatzen denean irakurgailutik desagertu egiten da aukeratutako liburua. Norbaitek liburua bukatu ez badu, ordea, berriz mailegatu dezake. «Zerbitzu erosoa da, eta arrakasta du herritarren artean. Horregatik, liburutegiko erabiltzaile ziren askok etortzeari utzi diote, liburuak internet bidez mailegatzen dituztelako. Dena dela, imajinatzen dut, ez diotela irakurtzeari utzi, baina orain, etxetik atera gabe eskuratu ditzakete irakurri nahi dituzten liburuak ».

Liburuzainen lanean ere aldaketak eragin dituzte teknologia berriek. «Azken argitalpenen berri eduki behar izaten dugu orain, herritarrek azken berrikuntzak eskatzen dizkigutelako sarritan». Hori dela eta, Anduezak ordu asko pasa behar izaten ditu liburu berriak bilatzen. «Garai batean argitaletxeetako liburu saltzaileak etortzen zitzaizkigun liburutegira beren produktuak saltzera; gehienbat entziklopediak ekartzen zizkiguten, gainera. Orain, berriz, interneten ikertzen aritzen gara».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!