Ikurrak denboran iraun dezan

Dorleta Agiriano Lai 2019ko aza. 14a, 10:18

Benito Lertxundiren biografia ilustratua argitaratu dute, haurrei eta gaztetxoei zuzendua. Etxeko txikienek «Lertxundiren irudia hurbil izatea eta sentitzea» du helburu «marrazki ederrez» jantzitako lanak.

Arteak eta musikak aurreikusi gabeko agertokietara eraman gaitzaketela uste du Unai Pascualek. Denon Artean argitaletxeko kideak azaldu duenez, oraingoan, Benito Lertxundiren biografia ilustratua sortzera eraman ditu; haurrei zuzendutakoa, gainera. Duela hilabete inguru argitaratu zuten Benito Lertxundi naiz liburua, eta salgai dago, besteak beste, Orioko liburu dendetan. Antton Kazabon da testuaren egilea, eta Ainhoa Redondo marrazkilariak egin ditu ilustrazioak.

Orioko udaletxean prentsaren aurrean egindako agerraldian  sorkuntza prozesuaren inguruko azalpenak eman dituzte Kazabonek, Pascualek eta Xabier Ibarguren Orioko Kultura batzordeburuak. Egilearen esanetan, «badira kulturgintzan eta euskalgintzan pisu handia izan duten hamaika pertsona; eredu direnak, ikur izan direnak eta ikur direnak. Dena den, ni 40 urtez aritu naiz euskara eta literatura irakasle, eta pertsona horiei buruzko oso testu gutxi aurkitu ditut», adierazi du. Lertxundi da testu-liburuetan faltan bota duen musikarietako bat. Hala, parez pare aurkitu zuen «behar» horri heldu, eta forma eman zion Kazabonek, proiektu bat osatzeraino. «Kultur ondarearen transmisioa nolabait bermatu behar dugulakoan nago, eta nik neuk horretan pauso bat eman nezakeela pentsatu nuen, haurrek Lertxundiren irudia hurbil izan eta sentitu dezaten», esan du. «Berarekin [Lertxundirekin] hitz egin nuen. Pascualekin ere harremanetan jarri nintzen, eta Orioko Udaleko arduradunekin ere izan nintzen, dirulaguntza behar nuelako. Azkenean, liburua sortu dugu».

Ondarearen transmisioa

Ibargurenek ere kulturaren transmisioa izan du hizpide liburuaren aurkezpenean: «Lertxundi da Oriok Euskal Herriari eman dion kultur ondare aktibo garrantzitsuena. Hala, uste dugu bere bizitza eta lana jasotzen dituen liburuak herritarren eskuetara iritsi behar duela; bereziki, haur eta gazteen eskuetara, kulturaren transmisioan eragin nahi badugu behintzat». Izan ere, abeslariak «Orioko belaunaldi desberdinak zeharkatu» dituelakoan dago Ibarguren.

Kazabonek ere nabarmendu du badirela funtzio hori bete dezaketen hainbat euskarri, baina helduei zuzendutakoak direla uste du. Beraien erronka, beraz, belaunaldi gazteagoengana heltzea zen, eta ibilbide horretan aurrerapauso modura aurkeztu dute Benito Lertxundi naiz biografia ilustratua. Egilearen arabera, «xumea da testua», eta «irudi eder eta dotorez jantzi ditu hitzak Redondok». Liburuaren helburua da 77 urtetan Lertxundik sortu duen eta sortzen ari den ondareak «denboran irautea», belaunaldiz belaunaldi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!