Lourdes Salsamendi: "Enpresen eta talentuaren arteko lotura lantzen ari gara udal elkartean"

Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 14a, 11:30

Irailaren 30etik dabil eginkizun berrian Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, eta 2020ko aurrekontuen zirriborroarekin dabil jada. Lana ilusioz eta arduraz hartu du, eta ziurtatu du beste alderdiekin elkarlanean ariko dela.

Lourdes Salsamendi oriotarra irail amaieran aukeratu zuten Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari. EAJko zinegotzia da Orioko Udalean, eta aurreko agintaldian Turismo eta Kultura zinegotzi aritu zen udal berean. Gogotsu ekin dio lanari, baina onartu du master classak ari dela hartzen, mankomunitatearen funtzionamendua ondo ezagutu eta erabaki zuzenak hartu ahal izateko.
 
Hilabete pasatxo egin duzu udal elkarteko lehendakari lanetan. 
Bai, hasiberria naiz, eta oso gustura nago, ikasten ari naiz egunero, eta ilusioz heldu diot erronkari. Ez da garai onena lehendakaria izendatzeko, baina horrela izan da, eta horrela hartu behar. 

Garai onena ez dela diozu. Izan ere, berandu etorri da izendapena, maiatzean izan baitziren udal hauteskundeak, eta ekainetik eratuta baitzeuden udalak. Zer gertatu da?
Ezin dizut azalpen zehatza eman, neuk ere ez baitakit oso ondo. Badakit hasiera batean uztailean egitekoa zela batzarra, baina gero, erabaki zen irailera pasatzea. Irailean, agenda kontuengatik, ezin izan genuen egin hil amaierara arte. Izan ere, eskualdeko zinegotzi guzti-guztiek egon behar dute batzar horretan.
 
Orain, epe motz-motzean, aurrekontuak landu behar. 
Bai. Udalek bezala, mankomunitateak ere bere martxa du, eta esan dezakegu kurtso amaieran gaudela, azken azterketetan: zuriketak, aurrekontuak, ordenantzak eta halakoak ditugu. Beraz, lehendakari berriak denbora gutxi du hori guztia ulertu, aztertu eta ondo bideratzeko. Zorionez, elkarteko langileen eta gainerako kideen laguntzarekin, aurrera goaz.

Aurrekontuak noizko, eta nolakoak izango ditu udal elkarteak 2020an?
Zirriborroa lantzen ari gara orain. Hori udalei pasako diegu, eta bakoitzak lanketa egin ondoren, batzorde batean proposatuko dugu behin betiko aurrekontua, haien ekarpenak jaso eta aztertuta. Bozketa abenduan izango da. Nahiko nukeen denbora gehiago izan lanketa sakona egiteko, baina ez dago, eta beraz, aurreko taldeak hasitako bidea bukatuko dugu 2020an. Aurrekontu horiek onartu bezain laster, buru-belarri jarriko gara hurrengoei begira, baina jada geure irizpide berriekin.

Indarrak oso parekatuta daude udal elkartean; bi botoren aldeagatik irabazi zenion EH Bilduko Mikel Goenaga hautagaiari. Elkarlana egotea eskatzen du indar parekotasun horrek?
Bai, noski. Hamar botoko aldea egon izan balitz ere, lan egiteko nire irizpideak berberak lirateke. Nik ezin dut ulertu proiektu bat adostasun gutxirekin lortzea. Bai udaletxeetan, bai eskualdean, denok antzeko helburuak ditugu; beraz, zenbat eta adostasun handiagoa egon, orduan eta aberatsagoa izango da emaitza. 

Gai zehatzei helduta, enplegua da zuen eskumenetako bat. Zein da langabezia tasa une honetan? Zein kolektibori eragiten dio bereziki?
Momentu honetan %6,6 da gutxi gorabehera langabezia tasa, hau da, 1.531 pertsona daude gure bost udalerrietan langabezian. Beti bezala, gehienak emakumezkoak dira. 

Hori aldatzeko zer tresna ditu esku artean udal elkarteak?
Emakume askok amatasunagatik uzten dute lana, eta 45 urte ingururekin lan mundura itzultzen saiatutakoan, zailtasunak dituzte. Baditugu programak hori guztia lantzeko. Aurrena, lanketa egiten da pertsonalki, pertsona bakoitza babestuz eta bere buruarengan konfiantza sentiarazten lagunduz. Ondoren, perfilaren araberako lanketa egiten da, eta azkenik, ikusten da zer enpresatara bideratu daitekeen. Enpresek ere, jakin behar dute diru laguntza dutela 45 urtetik gorakoak kontratatzeagatik. 

Eskualdean behar al da langileak espezializazioren batean bereziki trebatzerik?
Aurrena, esan behar dut guk daukagula Gipuzkoako langabezia tasa baxuena. Bestalde, kualifikazio handiko gizartea daukagu, eta hor ere lanketa egin behar dugu, enpresek jakin dezaten hemen zer talentu daukagun. Enpresen eta talentuaren arteko lotura lanetan ari gara. Espezializazioari dagokionez, gure etorkizuna turismoan eta horrek sortzen duen guztian dago. Beraz, hor bai, ikusten dugu badagoela zer landu: hizkuntza aldetik, teknologia aldetik, eta abar. Perfil horretako pertsonak eskatzen dituzte enpresek.
Turismo alorreko lanpostuak izan al daitezke kalitatezkoak?
Nik uste dut baietz. Turismo arloan badago hainbat enpresa, oro har, oso serioak direnak eta langileak oso ondo kudeatzen dituztenak; beste batzuen kasuan badakigu denok ez dela horrela. Hor ere hausnarketa egin beharko da. Bestalde, orain arte turismoa oso lotuta egon da urtaro batzuekin, eta hori aldatu eta urte osorakoa izatea nahi dugu. Gure erronka da turismoa urte osoan lantzea.

Hondakinen gaia ere kudeatzen du udal elkarteak. Urtetako zabortegia itxita dago; zein fasetan da orain?
Zabortegiko eremuak faseka itxi dira: 2014an 25.500 metro koadro estali ziren behin betiko; 2015ean 38.800 metro koadro gehiago estali ziren; eta, orain, beste 34.300 metro koadro falta dira. Zigilatzearen azken fasean gaude, beraz. Hori amaitutakoan, araudiak dio 30 urtean jarraipena egin behar dela, gasak eta lixibatuak sortzen direlako. Oso ezezaguna da lan hori guztia, eta iruditzen zait udaletatik bisita bat egin behar genukeela hara, ikusteko zertarako zerabilten ari diren bere garaian Urtetako itxierarentzat udalek jarri zuten dirua.

Gaikako bilketa sisteman aldaketarik egongo al da 2020an?
Birziklatze tasari buruzko helburu batzuk adostu ziren mankomunitatean: 2018an %60koa izatea eta 2019an %60-%70 artekoa izatea. Orain, gure erronka da %75era iristea, jada %70eko tasan bagaudelako. Lanketa hori egingo dugu, baita zerbitzua hobetu ere enpresen atez ateko bilketan. Bestetik, konturatu gara tasa igo arren, askotan ez dela ondo birziklatzen. Horregatik, lanketa handia egingo dugu hor herriz herri eta auzoz auzo.

Mankomunitatea askorentzat ezezaguna dela irizten diozu.
Ezezaguna da bai politikari askorentzat, bai herritarrentzat. Askok uste du hemendik zaborra bakarrik kudeatzen direla, eta mankomunitatea askoz gehiago da, eta iruditzen zait eskualdearentzat tresna oso indartsua izan daitekeela. Horretarako, denok elkarrekin egin behar dugu lan, eta herritarrei erakutsi, ikusarazi, egin behar diegu udal elkartea.

Nola egingo duzue hori? Zer asmo dituzue?
Egia esan, oraindik ez dakigu nola bideratu gaia. Poliki-poliki ikusiko dugu zer pauso eman; aurrena, neuk ikasi behar dudalako ondo hemengo kudeaketa. Esaterako, udal elkartea udaletan gehiago ikusaraz dezaket nik neuk ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!