Pobrezia egoera larria bikoitza da Orion, Gipuzkoarekin alderatuta

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 15a, 10:32

'Pobrezia, gabezia eta gizarte bazterkeria Orion' ikerketako emaitzak ezagutzera eman ditu Siadeco enpresak. Familien %20 pobrezia egoera erlatiboan dago Orion.

Pobrezia, gabezia eta gizarte bazterkeria Orion ikerketa lana egin du Siadeco enpresak, Orioko Udalak eskatuta, eta asteartean aurkeztu zituzten emaitzak jendaurrean. Dena den, ez zen herritarrek ikerketa horren berri zuten lehen aldia; txostenean jasotako hainbat datu azaldu zituzten alkategaiek udal hauteskundeen harira KARKARAk eta Hitzak antolatutako mahai inguruan, eta datuek harrituta utzi zituzten oriotar asko. Izan ere, ikerketaren arabera, Orioko familien %11,3k pobrezia egoera larria bizi dute, hau da, 200 familia inguruk. Datua esanguratsua da, are gehiago, kontuan hartuta Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko pobrezia egoera larrian bizi diren familien tasaren bikoitza dela Oriokoa, gutxi gorabehera: Lurraldeko tasa %5,3 da, eta EAEkoa %4,9. Hain zuzen, Espainiako tasaren parekoa da Oriokoa.

Pobrezia larria neurtzeko hainbat parametro daude zehaztuta. Esaterako, heldu bakarraz osatutako familia unitateetan, hilean 583,4 euro baino gutxiago jasotzen dituztenak sartuko lirateke talde horretan. Bi heldu eta 14 urtez azpiko bi seme-alaba dituzten familien kasuan, berriz, hilean 1.225,24 eurotik behera dago zehaztuta pobrezia egoera larria markatzen duen atalasea. Hala, ikerketaren arabera, Orion egoera larri hori bizi dute «familiako erreferentziazko pertsona langabezian duten etxebizitzen %40k, ama bakarreko familien %15ek, baita hiru belaunalditako kideez osatutako familien %22,2k eta familia ez diren eta etxebizitza elkarbanatzen duten herritarrez osatutako unitateen %20k ere».

Gora egin du biztanleriak

Orioko biztanleria asko igo da azken 10-15 urteetan, baina ikerlariek zehaztu zuten «bi maila sozio-ekonomiko nabarmen» bereiz daitezkeela herritar berrien artean. Alde batetik, inguruko herrietatik Oriora etorritakoen multzoa dago, «herriak kokapen eta komunikazio onak dituelako eta etxebizitza beste herrietan baino merkeagoa delako etorri dira». Familia gazteak dira nagusiki, eta «Erribera eta Munto eremuetan eta hondartza inguruan» eraiki diren etxebizitza berrietan bizi dira.

Bestetik, atzerrian jaiotako etorkinak ere hartu ditu Oriok, eta ikerketaren arabera, «pobreziak gehien kolpatzen duen kolektiboa da hori». Multzo horretako oriotar berriak «Alde Zaharreko, Aita Lertxundi kaleko eta Anibarko Portuko etxebizitzetan» bizi dira. 

Pobrezia erlatiboa

Orioko herritarren %20,6k pobrezia atalasetik beherako diru-sarrerak dituela ere ondorioztatu du ikerketak, Gipuzkoako eta EAEko datuen antzera. Talde horretan sartzeko, pertsona heldu bakarrak osatutako familiak 875,10 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izan behar ditu hilean, eta bi helduk eta 14 urte azpiko bi seme-alabak osatutako familiak, berriz, 1.837,71 euroz azpikoak.

Egoera ulertzeko pobreziaren hainbat adierazle azaldu zituzten ikerlariek. Besteak beste, aipatu zuten, «Orioko ehun etxebizitza ingurutan argindarra, ura, gasa edo bestelako erregaiak ordaintzerakoan atzerapenak dituztela, edo ez dituztela ordaindu; baita, herriko ehun etxebizitzetan hotza pasatzen dutela ere». Gosea pasatu dutenak gutxiago dira, baina «50 familia-talde inguru izatera» iritsi dira. Horrez gain, «300 etxebizitza ingurutan oinarrizko gastuak murriztu» behar izan dituztela ere azaldu dute txostenaren aurkezpenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!