"Beren herria garatzen laguntzeko aukerak badituztela azaldu nahi diegu arrantzale senegaldarrei"

Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 15a, 12:45

Yayi Bayam senegaldarra da aurreneko emakumea bere herrialdeko arrantza elkartean sartu dena. Coflec elkarteko zuzendaria ere bada, eta ezkutuko immigrazioaren aurka egiten dute lan. Egunotan Euskal Herrian da bere taldearekin, eta Getarian izan dira, Kofradia, saregileak eta kontserberak ezagutzen. Haiekin izan da Nerea Lopetegi oriotarra ere, gidari lanak egiten.

Senegal aberatsa da itsasoari dagokionez; arrain asko du. Baina jasangarria izateko zaindu egin behar da, eta nazio mailako elkartea dute. Aurreneko aldiz lortu du emakume batek organo horretan parte hartzea; Yayi Bayam Diouf izena du, koordinatzaileordea da, eta gaur Getarian izan da beste hainbat senegaldarrekin batera. Coflec elkarteko zuzendaria ere bada: elkarte hori Senegalgo emakumeek sortu zuten, ezkutuko immigrazioaren kontra borroka egiteko.

Bayamek eta itzultzaile lanak egin dizkietenek azaldu dute zergatik eratu zuten emakumeen elkartea: “Immigrazio ilegalaren aurka borrokatu nahi dugu, batetik, oso arriskutsua delako. Bestetik, azaldu nahi diegu atzerrian arrantzan lanean ari diren senegaldarrei beren herrian badituztela aukerak dakiten hori han aplikatzeko. Kanpoan ikasi eta formatu bai, baina gero, beren herria garatzen laguntzeko aukerak badituztela azaldu nahi diegu. Gure misioa da zubilan hori egitea, eta adibideekin erakustea posible dela; bestela, ez dute sinetsiko”.

Nerea Lopetegi oriotarra ari da gidari lanak egiten senegaldarrei. Hark azaldu du Dakar ondoko arrantzale herri batean sortu zela Coflec elkartea. “Hango gizonak herrialdetik alde egiten hasi ziren. Bidean hiltzen ari ziren batzuk, eta familiak ari ziren gelditzen emakumeekin bakarrik, eta inongo irtenbide ekonomikorik gabe. Hala, emakume hauek arrantza sektoreko lanetan dabiltza, bizitza aurrera ateratzen. Eta Gipuzkoan arrantzak ibilbide luzea duenez, gurera gonbidatu ditugu”. Aspegi elkartearen bidez etorri dira. Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien elkartea da, Gipuzkoa mailakoa, eta aldundiaren laguntza izan du proiektu honetan.

Kofradian izan dira aurrena, eta ondoren, kontserba enpresa batean eta saregileekin egon dira. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herri eta enpresa bisitatzeko asmoa dute egunotan. “Emakume senegaldarrek arrainaren transformazio prozesuan eta merkaturatze lanetan egiten dute lan batez ere. Horregatik, kontserberak bisitatuko ditugu, ikus dezaten nola lan egin behar den antxoa eta arrain ketua kontserbatzeko. Ondoren, elkarteko beste kideei erakutsiko diete hemen ikasten dutena”, azaldu du Lopetegik. Helburua da beraien lana baldintza hobeagoetan egitea lortzea, garapen ekonomikoa ere hobetzeko.

Hemen ikasi, Senegalen aplikatu

Bayam eta bere taldea helburu argiarekin etorri da Euskal Herrira. “Gure herrialdean gizonezkoek bakarrik egiten dute lan, eta oso garrantzitsua da emakumeok parte hartzea profesionalki, eta elkar hartzea, herrialde osoko garapenerako. Horrez gain, badira beste arrazoi batzuk ere: bat, emakumeon aberastasuna eta gure gaitasuna blokeatuta daudelako; bi, gure herrialdea garatzen laguntzeko; hiru, arrantza sektore ona delako, Senegalen aberastasun handia dagoelako hor; eta lau, jatekoa egongo dela bermatzen delako, elikadura-segurtasunagatik”.

Emeterio Urresti Kofradiako lehendakariak egin die harrera arrantzaleen kofradian, eta hark azpimarratu du beharrezkoa izango dela agintari senegaldarrek ere bat egitea horrelako proiektuekin. “Haien inplikazioa funtsezkoa da, eta Senegalen zerbait egin nahi bada, hona etorri behar dute haiek ere”, iritzi dio. Bayamek bezala, Urrestik ere uste du senegaldarrek hemen ikasitakoa eta egindakoa beraien herrialdean aplikatu behar luketela gero. “Beraiek hasi behar dute beren nazioa altxatzen, kanpoko laguntzarik gabe. Etorri dira, ikusi dute, bada, has daitezela beren herrian hori egiten”.

Urrestik esan du hemen alboratzen duten arrantza materiala eraman izan dela Senegalera, hemen ibilitako arrantzaleen bitartez, han erabiltzeko. Hala ere, onartu du momentuz ez dagoela sare eraturik bi lurraldeen artean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!