Orioko 'Itsas Zaporeak' dastatzeko aukera izango da azaroaren 24an

Karkara 2019ko aza. 16a, 14:30

Azaroko azken igandean Orioko itsas zaporeak dastatzeko aukera izango da “Kosta Gastronomika”  Urola Kostako turismo eskaintzaren baitan sortutako ekimenean. Hilabetean zehar, igandero, eskualdeko herri bakoitzean esperientzi bat eskaini dute.

Hilabete hasieratik, igandero, eskualdeko herri bakoitzean itsasoarekin lotutako esperientzia bat ari dira eskaintzen Itsas Zaporeak ekimenaren harira. Besteak beste, Urola Kostak gastronomian duen aberastasuna balioan jarri nahi dute egitasmoaren bitartez.

Azaroa aurrera doa eta zabaldu dute datozen bi igandetarako antolatu diren 2 esperientzia gastronomikoetarako izen-ematea. Esperientzia gastronomiko guztiak erdi-prezioan eskainiko dira; eta 12 urtez azpikoek doan izango dute bisitez gozatzeko aukera. Gehienez, 15 pertsonentzako lekua dago ekimen bakoitzeko eta aldez aurretik izena eman da eskualdeko turismo-bulegoetan. Orain arteko esperientzia guztiak bezala, azken hiruak ere eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin aberastuko dira.

Hilabeteko azken iganderako antolatu dituzte bi esperientziak. Alde batetik, Bisigua Orio Estilora! dastatzeko aukera izango da. Bisitan, arraina era honetara prestatzeko sekretu guztiak ezagutuko dira; eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezetaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira. Txakolinarekin lagunduta, bisigua dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eguerdiko 12:30ean hasita. Ordu bete inguruko esperientzia izango da 17€ko prezioan. Bestetik, Getaria izango da itsas esperientzien azken geltokia. Itsas kontserbak nola egiten ikusi eta ikasteko aukera eskainiko dute. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua 11 euro ordainduta.

Erreserbak egin edota informazio gehiago eskuratzeko zabalik daude Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako
turismo bulegoak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!