Euskaltegiko mintzalagun taldeak botako du sanikolasetako txupina

Karkara 2019ko aza. 18a, 20:46
Sanikolasetako aurkezpen ekitaldian, udaleko ordezkariak eta jai batzordeko kideak. (Aritz Mutiozabal)

Plazako obrak direla eta, festa gunea ikastola aurreko zabalgunean izango da, eta horretarako karpa erraldoia atonduko dute. Abenduaren 5etik 8ra ospatuko dituzte herriko jaiak.

Hamar urte bete ditu Orioko euskaltegiko mintzalagun taldeak, eta merezi duten omenaldia eskaintzeko, aurtengo San Nikolas jaietako txupina beraiek botatzea erabaki du festa batzordeak.  "Euskararen eta herritarrak euskalduntzearen alde egiten duten lanagatik", nabarmendu du Orioko Udaleko Kultura, Gazteria eta Festa zinegotzi Xabier Ibargurenek, gaur arratsaldean Kultur Etxean eginiko agerraldian.

Abenduaren 5etik 8ra ospatuko dira herriko jaiak, eta jai batzordeak egitarau "oparoa eta anitza" antolatu duela adierazi du Ibargurenek, "herritarrak bat egingo duten eta identifikatuta sentituko diren festak". Baina plazako obrak direla medio, hainbat aldaketa suposatuko du kokalekuei dagokienez, eta lehendabizikoa, festei hasiera emateko ekitaldiaren lekualdaketa izango da: KTA eraikinean (kosta Tailerra) egingo dute.

Edonola ere, aurtengo aldaketa nagusiena da festa gunea ikastola aurreko zabalgunean kokatuko dutela. Karpa erraldoi bat atonduko dute, eta bertan izango dira kontzertuak, kultur emanaldiak, tailerrak, jolasak eta txosna eremua, besteak beste. 

Barrakarik ez

Plazako obrek sortutako lekualdatzeen ondorioz, eta barraka gunearen inguruko hausnarketa egin ondoren, sanikolasetan gune hori ez jartzea erabaki dute aurten. "Jai batzordean parte hartu duten eragileekin hausnarketa egin da eta ferianteekin bilerak egin dira, alternatiba ezberdinak mahai gainean jarriz eta teknikoki proposamenak aztertuz. Eta aurtengoan, behintzat, ez da egongo", jakitera eman du zinegotziak.

Jai batzordeko kide Laida Iturraldek aurtengo egitarauak emango duenaren laburpen bat egin du prentsaurrean, eskainiko diren kontzertuak azpimarratuz, herri bazkaria, bertso saioa, haur eta nerabeentzako ekintzak eta saskibaloi txapelketa aipatuz, baita Orio Arraun Elkartearen banderen bedeinkapena ere. Era berean, jaiegunetan kuadrillak beren brusek ateratzeko animatu ditu.

Bestalde, argi eta garbi nabarmendu nahi izan du erasoek ez dutela inolako tarterik izango San Nikolas jaietan. Hala, informazio gunea den puntu morea jarriko dute festa gunean. "Erasorik gabeko festa batzuk nahi ditugu Orion".

Egitaraua

Abenduak 5, osteguna
San Nikolas bezpera

18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin eta txistulariekin kalejira Kosta Tailerrera.
19:00. Festa hasierako txupinazoa, KTE Kosta Tailerrean. Harribil dantza taldea, Danbolin Musika Eskola eta Salatxo abesbatzak hartuko dute parte. Orioko mintzalagun taldea omenduko dute.
19:30. Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin eta txistulariekin ikastola aurreko plazara.
20:00. Alaiki erromeri taldea.
23:00. Alaiki erromeri taldea. Ondoren, Manex Barrenetxea eta lagunak DJ lanetan.

Abenduak 6, ostirala
San Nikolas Eguna

10:30. Kamel Ziani Krosa. Benjamin, kimu eta infantil mailak, Mendibeltz ondoko parkean.
11:00. Meza Salatxok kantatuta.
12:00. Salatxo abesbatza Pietatean.
12:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin eta txistulariekin kalejira.
12:30. Dantzari Txikien Txapelketa Harribilek antolatuta.
13:00. Hemenbaen batukada taldea.
14:30. Herri bazkaria, babarrun jana, festa gunean.
17:00. Pilota partidak:
        - Infantilak binaka: San Sebastian-Murua vs Zabala-Solaberrieta (Orio)
        - Infantilak binaka: Etxeberria-Sukia vs Esnal Gonzalez (Getaria)
        - Gizonezkoak nagusiak binaka: Lertxundi-Aranalde (Orio) vs Orbegozo (Aia)-Oliden (Orio
        - Erremonteko 1. Mailako profesionalak: Ansa II-Ion vs Juanenea-Barrenetxea IV
17:00. Nortasun agiri arrotzen jaurtiketa, txosna batzordeak antolatuta, festa gunean.
17:30. Adin ezberdinetako haur, gazte, familia eta kuadrillentzat herri kirolak, kultur gunean, Zaragueta Herri Eskolak antolatuta.
19:30. Bide Batez erromeria taldea.
22:30. Bertso saioa, Karelan. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Jone Uria eta Imanol Lizarazu Habana. Gai-jartzailea: Unai Manterola.
00:00. Bide Batez erromeria taldea.
02:30. Moonshine Wagon taldea.

Abenduak 7, larunbata
San Nikolas Bigarrena. Umeen Eguna

09:30. 3X3 Saskibaloi Txapelketa, Karelan, LH3·tik DBH4rako gazteen artean, Orioko Herri Ikastolak antolatuta. Izena ematea abenduaren 5a bitartean zast.es webgunean edo Karela kiroldegian.
10:30. Jubilatuen hamaiketakoa Zaharren Babeslekuan.
11:00. Gaztetxoek herriaren ardura hartuko dute udalbatzarrea. Aurten jaiotako oriotarrei ongietorria egingo zaie Kultur Etxean.
11:30. 3-12 urte bitartekoentzat taller eta jokoak, festa gunean.
12:00. Strapalucio txaranga kalez kale.
16:30. 3-12 urte bitartekoentzat taller eta jokoak, festa gunean.
17:00. Bikoteentzako dardo txapelketa irekia Bikamiotan.
18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin eta trikitilariekin kalejira.
18:00. Burrunba elektrotxarangarekin poteoa.
18:00. Herriko gazteek antolatutako skate lehiaketa, festa gunean.
19:00. Herriko gazteek antolatutako patata tortilla lehiaketa, festa gunean..
21:00. Puntu morea festa gunean, Emagin elkarteak antolatuta, 00:00ak arte.
22:00. Hintzak Hik taldearen kontzertua, festa gunean.
24:00. Guda Dantza.

Abenduak 8, igandea
San Nikolas hirugarrena

10:30. Herriko txarangarekin kalejira, Orio Arraunketa Elkarteko bandera guztiekin. 
11:00. Meza. Banderen bedeinkapena.
11:30. Taller eta jolasak gazteentzat, Zingira elkartearen eskutik.
12:00. Benta Zaharreko Mutiko Alaiaken kantu poteoa.
12:30. Gaztetxoen dardo txapelketa Bikamiotan.
14:00. Orio Arraunketa Elkarteak antolatutako herri bazkaria, Arraunetxen.
15:00. Bazkalostean, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak Arraunetxen.
16:00. Bakarkako dardo txapelketa herrikoia.
16:00. Haurrentzako emanaldi festa gunean.
18:00. Pello eta Nikolasa erraldoiak buruhandiekin eta trikitilariekin kalejira. 
19:30  Puro Relajo mariatxiak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!