Aizperrok ea Peñagarikanok apustua hitzartzeko zita dute ostiralean Azpeitian

Julene Frantsesena 2019ko aza. 20a, 12:30

Arraunlari ohi oriotarrak  eta pilotari ohia azpeitiarrak ostiralean egingo dute erronka negoziatzeko saiakera, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Hiru lan egiteko proposamena dute mahaiaren gainean kirolariek: aizkoran, harri-jasotzen eta lasterka. Dena den, gaur-gaurkoz, ez dute ez apustua jokatzeko datarik, ez lekurik.

Pentatloia egin ez izanaren harra kentzeko gogoa piztu zaio nonbait Kepa Peñagarikanori. Izan ere, Josean Olaskoaga Aizperrok eta biek apustua hitzartzeko hitzordua jarri dute ostiralerako Azpeitiko Mendizabal erretegian. Ostiralean egingo dute erronka negoziatzeko saiakera pilotari ohi azpeitiarrak eta arraunlari ohi oriotarrak, 19:00etatik 20:00etara bitartean, eta kirolari bakoitza bina lagunekin joango da Landeta auzoko jatetxera. Hiru lan egiteko proposamena dute mahaiaren gainean kirolariek: aizkoran, harri-jasotzen eta lasterka. Dena den, gaur-gaurkoz, ez dute ez apustua jokatzeko datarik, ez lekurik. Ostiraleko zitan lanen neurriak eta diru kontuak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Peñagarikano azpeitiarra pilotari profesionala izandakoa da, eta aurten zen lehen aldiz Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartzekoa. Probarako astebeteren faltan istripua izan zuen aizkorarekin entrenatzen ari zela, eta ezin izan zuen hilabete luzez prestatzen aritu zen pentatloian parte hartu. Ostiralean Aizperrorekin apustua hitzartzen badu, Peñagarikanok datozen hilabeteetan jokatuko du apustu bat aurreneko aldiz. Aizperrok, berriz, parte hartu zuen pentatloian, eta lehen fasetik finalera sailkatu zen. Finalean, baina, seigarren postuan sailkatu zen oriotarra. Oriotarrak ere ez du eskarmenturik apustu kontuetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!