Orioko emakumeen beharren diagnosia aurkeztu dute

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko aza. 22a, 10:17

14 eta 90 urte bitarteko 285 emakume oriotarrek parte hartu dute ikerketan. Emaitza kezkagarriei erantzuna emateko, eraldaketa soziala bultzatzea izango da Ahalduntze Eskolaren helburua.

Orioko emakumeen beharren diagnosia ikerketa lana egin dute Ahalduntze Eskolako Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola berdintasun teknikariek, eta ostegunean aurkeztu zituzten emaitzak jendaurrean.

Aurreko ikasturte hasieran jarri zuten martxan proiektua. Goiburuk aurkezpenean adierazi zuenez, Orion hutsune bat zegoen arlo horretan: «Ez zegoen emakumeak ahalduntzeko espaziorik, batez ere erakundeen aldetik». Horrela, Orioko Udalari Ahalduntze Eskola martxan jartzeko proposamena egin zion, eta erakundeak onartu egin du proiektua. «Ahalduntzea emakumeen jabetze prozesutzat jotzen dugu. Gure buruaren jabe izan gaitezen eta saretu gaitezen nahi dugu».

Errealitatea ezagutzea xede

Helburuari helduta, herriko emakumeen beharren diagnosia egitea erabaki zuten, Orioko «errealitate zehatza ezagutzeko» eta «ahalduntze prozesuaren hasieran parte hartzea garrantzitsua» delako. Maiatzetik ekainera bitartean gauzatu dute ikerketa, eta horretarako, bi metodologia erabiliko dituzte: «Kuantitatiboa, ahalik eta emakume gehienetara iritsi gaitezen eta beren hutsune edo interesak ezagutu ditzagun, eta kualitatiboa, errealitatea uler dezagun».

Egoera kuantitatiboki aztertzeko, galde sorta bat zabaldu zuten teknikariek, eta guztira, 14 eta 90 urte bitarteko 285 emakumeek hartu dute parte. %80 Euskal Herrian jaiotakoak dira, %12 Espainiako estatuan eta %8 beste herrialde batzuetan. Diagnostikoaren lehenengo zatian, Ahalduntze Eskolan eskaintzeko balizko tailerrak zerrendatu zituzten, bost ardatzetan banatuta: gorputza eta osasuna, autoestimua, indarkeria matxista, sormena eta saretzea eta parte hartzea.

Jasotako erantzunen arabera, Orioko emakumeen artean interes gehien pizten duten gaiak honako hauek dira: elikaduraren bidezko autozaintza (%64,6), mindfulness (%69,8), emozioen kudeaketa (%68,8), eta autodefentsa feminista (%61,1).

Emaitza kezkagarriak

Alde kualitatiboa, berriz, talde eztabaiden bidez gauzatu dute, eta guztira, 42 emakumek parte hartu dute. %80 Euskal Herrian jaiotakoak dira, %10 Espainiako estatuan eta %10 beste herrialde batzuetan. 

Ikerketa aurrera eramateko hainbat multzotan bildu zituzten parte hartzaileak: «Orioko emakume antolatuengana jotzea izan zen gure lehen ideia, elkarrekin biltzeko joera izango zutelako eta errazagoa egingo zitzaigulako beraiekin biltzea», gehitu zuen Esnaolak. Zailtasunak zailtasun, zazpi talde bereizi dituzte:  Xaltxerak talde feminista, Orio feminista Whatsapp taldeko kideak, Etxeluze Gaztetxeko emakumeak, Esperientzia Eskolakoak, arabiarrak, lesbianak eta nerabeak. Talde bakoitzarekin bildu eta inkestan aipatutako puntuak landu dituzte. 

Bilera horietan errealitateak «agerian» geratu direla adierazi zuten teknikariek. «Askok  uste  zuten  aldaketak  izan  direla  herrian.  Gazteen  hitzak   entzutean,   baina,   ikusi   dute      zenbait   logikek   indarrean   jarraitzen   dutela,   eta   beldurra   sentitu   dute», gehitu zuen Esnaolak.  

Landutako adar guztietan adierazpen «gogorrak» jaso dituzte, eta horietako batzuk aurkezpenean erakutsi zituzten. 

Ahalduntzeko beharra

Ondorio nagusiak azaleratuz amaitu zuten aurkezpena. «Emakume guztiek adierazi dituzte intentsitate maila desberdineko indarkeria matxista egoerak», azaldu zuen Goiburuk. 

Beste alde batetik, emakumeek gauzatutako «lorpenek, borrokek eta edozein ekintzak» herrian oihartzunik ez dutela ohartu dira. «Erreferentzialtasun falta izugarria sortzen du horrek herrian».

Horren guztiaren ondorioz, azpimarratu zuten emakume askok ez dutela aukerarik ikusten beren bizitza «herrian askatasunez garatzeko». «Lesbiana askok herritik joateko hautua egin dute; emakume arabiarrek sentitzen dute gizartetik kanporatzen dituztela; Etxeluzeko neskek diote gure gizarteak emakumeek egindako bidea jarraitzeke duela oraindik; azkenik, nerabeek ez dute beren etorkizuna Orion irudikatzen».

Arazo eta gabezia horiei guztiei erantzuna emateko Orioko Ahalduntze Eskola «ezinbestekotzat» jotzen dute teknikariek. Diagnosiaren emaitzei erantzuna emanez eta «eraldaketa soziala» bultzatzea helburu hartuta, «guztiontzat lekua» duen herri bat eraikitzeko bideari ekingo diote. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!