Hitzartu dute desafioa Josean Olaskoaga 'Aizperro'k eta Kepa Peñagarikanok

Karkara 2019ko aza. 23a, 09:30

Josean Olaskoaga 'Aizperro' arraunlari ohiak eta Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak apustua hitzartu zuten atzo, ostirala, Azpeitiko Mendizabal tabernan. 2020ko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute, baina oraindik ez dute erabaki tokia. Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka jokatuko dute apustua. Bakoitzak hiruna mila euro jokatuko ditu.

Atzo arratsaldean elkartu ziren Josean Olaskoaga Aizperro eta Kepa Peñagarikano Azpeitiko Mendizabal tabernan, bien arteko desafioa hitzartzeko. Ordu eta laurden behar izan zituzten akordiora iristeko, tirabirak tarteko. Lehen eztabaida 100 kiloko bola zenbat altxaldi eman izan zuten; pilotari ohiak 45 altxaldi proposatzen zituen; arraunlari ohiak, ordea, 25 altxaldi. Azkenean, 35 altxaldi egitea hitzartu zuten. Aizkorako lanean kana-erdiko sei enbor moztu beharko dituzte; Peñagarikanok, baina, hasieran bost kana-erdiko izatea proposatu zuen. Gero, korrikako probaren inguruan izan zuten desadostasuna: azpeitiarrak 4 kilometro proposatu zituen, eta, aldiz, oriotarrak 5 kilometro. Azkenean, erdi bitartekoa erabaki zuten: 4,5 kilometro korrika egitea. Ondorioz, desafioan egin beharreko lana honakoa izango dute: 100 kiloko bolari 35 altxaldi egitea, aizkoran kana-erdiko sei enbor moztea, eta 4,5 kilometro korrika egitea.

Egurrak nork eramango dituen zozketaz erabaki zuten: Aizperrok lau egur eramango ditu, eta Peñagarikanok gainontzeko biak.

Datorren urteko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute desafioa, baina ez zuten lekua zehaztu. Jokatuko duten diruaren gainean ere akordioa lotu zuten bi kirolariek; bakoitzak hiruna mila euro jarriko ditu. Atzo bertan jarri zuten milana euroko seinalea. Gainontzekoa, apustuaren eguna baino bi egun lehenago jarri beharko dute biek. Proba bukatutakoan, berriz, dopin proba egin beharko dute biek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!