Lau konpromiso hartuta, indarkeria matxistaren aurkako aldarria kaleratu dute ikasle eta irakasleek

Dorleta Agiriano Lai 2019ko aza. 25a, 12:16

Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, Orioko kultur etxean elkartu dira hiru ikastetxeetako kideak. 'Tratu ona guztiona' lelopean, "tratu onak eta indarkeriaren prebentzioa" galdegin dituzte, eta bide horri heltzeko, hainbat konpromiso hartu dituzte.

Azaroaren 25a da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Hala, 11:30ean Orioko kultur etxearen aurrean bildu dira Zaraguetako, Orioko Ikastolako eta Zingirako ikasle zein irakasleak, Tratu ona guztiona izenpean. "Egun hau baliatu nahi dugu, gaia plazara ateratzeko eta tratu onen aldarria egiteko, gure herrian ere badugu-eta horren premia", adierazi dute kultur etxeko balkoitik. "Gure herrietan, baita gure ikastetxeetan ere, tratu txarra ematen diogu, gehiegitan, aldamenekoari [...] Neska-mutilok erasoak jasaten ditugu eta, askotan, oso larriak dira horrek sortzen dituen ondorioak".

"Tratu ona eta indarkeriaren prebentzioa" proposatu dituzte horren aurrean. "Guk, gazteok, indarkeriarik gabeko bizitzak nahi ditugu, eta elkarrenganako tratu onean hazi eta hezi nahi dugu; eskolan, etxean eta kalean", adierazi dute hainbat ikaslek. Horretarako, "pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak dituztela" nabarmendu dute, "gizarte osoaren lana" delako "legitimitatea kentzea tratu txarrei, eta babesa agertzea jasaten dutenei". "Indarkeria matxista eta beste indarkeria mota guztiak baztertzen ditugu, eta gure gertutasuna adierazten diegu jasaten dituzten guztiei", gehitu dute.

"Gure ikastetxeetan lan handia egin dezakegu gure arteko harremanak tratu onekoak, goxoak, errespetuzkoak izateko eta berdintasuna sustatzeko, aurreiritzirik eta estereotipo sexistarik gabe", diote ikasleek. Bide horri heltzeko, lau konpromiso hartu dituzte gaur hiru ikastetxeetako kideek eta Orioko Udalak. Hain zuzen, honakoak dira konpromiso horiek:

  1. "Jokabide bortitz edo oldarkor guztiak errefusatuko ditugu (jazarpenak, burlak, bazterketak...) eta, gure inguruan horrelako egoera bat sumatzen dugunean, salatu egingo dugu. Ez gara isilduko, isiltasunak konplize egiten gaitu-eta.
  2. Gure arteko gatazkak elkarrekin hitz eginez konponduko ditugu, jarrera baketsu eta tolerantearekin.
  3. Baliabideak jarriko ditugu ikastetxeetan tratu onak sustatzeko eta Hezkuntzako agintariei eskatuko diegu gaia berariaz lantzea hezkuntza-programetan.
  4. Aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetuan oinarrituko dugu gure heziketa-jarduera, helburu garbi honekin: jendarte zuzen, aske eta parekide bat eraikitzen laguntzea".

Berdintasuna egunero

Aldarri eta betebeharretan bat egiteaz gain, kantu bidez lotu dira gaur Orioko ikasle eta irakasleak. Mezu honetan jarri dute azpimarra bertso-sortan:

Eskuz esku helduta

ez elkarren aurka

Indarkeriak Hemen

lekurik ez dauka

Bestalde, Rosi Lazkano bertsolari oriotarrak sortutako hitzak ere ekarri dituzte gaurkoan, Loreak udan ihintza bezala doinuarekin. Hala diote Lazkanoren bertsoek:

Salatzen dugu udaberrian

salatzen dugu neguan,

matxismoaren indarkeriak

zenbat zauri sortzen duan.

Berdintasuna egunerora

e(ra)man nahi dugun orduan,

ohitu ezin den ohituraren bat

ateratzen da orduan.

 

Horrelakoak bizi ditugu

hemen eta egunero,

hortikan dator gure matraka:

berdintasuna ta genero...

Azaldu ez den enpatiari

nola ez zaion espero,

ahalduntzea dugu aurrena,

eta salatzea gero

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!