Zaraguetak martxan jarri du euskarazko liburuen truke azoka

Karkara 2019ko aza. 27a, 10:55

Euskararen Egunaren harira antolatu dute egitasmoa. Atzo egin zuten aurreneko liburu bilketa, eta bihar ere izango da aukera. Trukea, aldiz, abenduaren 3an izango da, Zaraguetan zein Orioko kultur etxean.

Gero eta gutxiago falta da Euskararen Egunerako, eta Zaragueta Herri Eskolako kideek zenbait ekitaldi antolatu dituzte horren harira. Tartean, euskarazko liburuen truke azoka egingo dute aurten ere, eta abiatu dituzte jada egitasmoaren bueltako jarduerak. Azaldu dutenez, azokaren bidez, helburua da "irakurzaletasuna eta liburuen berrerabilpena" sustatzea".

Hala, atzo egin zuten aurreneko liburu bilketa, arratsaldean. Biharko, azaroak 28, materiala biltzeko hitzordua jarri dute berriro. Hain zuzen, 16:00etatik 16:45era izango da bilketa Zaraguetan, eta 17:00etatik 17:45era, Orioko kultur etxearen aurrean. Antolatzaileen esanetan, liburuek bete beharreko baldintzak dira euskaraz idatzitakoak izatea, eta egoera onean eta osorik egotea.

Behin materiala lortuta, abenduaren 3an egingo dute truke azoka. Bilketara liburuak eraman dituzten herritarrek zenbait txartel izango dituzte, gero trukean parte hartzeko beharrezkoak izango direnak. Izan ere, tiket horiek erabili beharko dituzte liburu berriak eskuratzeko, eta trukea gauzatzeko. Bi hitzordu jarri dituzte horretarako: 16:00etatik 17:00etara Zaraguetan, eta 17:15etik 18:15era kultur etxearen aurrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!