Musika ikasteko modu berritzailea martxan jarri du Danbolin Musika Eskolak

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 27a, 12:14
Danbolin Musika Eskolako ikasleak musika mintzairako klasean.

Ikasturte hasieratik musika mintzaira plataforma birtual baten bidez jorratzen dute ikasleek. Ikasgelan erabiltzeaz gain, ikasleek etxeko ordenadoretik sartuta ere egin ditzakete ariketak.

Teknologia berriak bizitzako esparru guztietara iritsi dira. Hezkuntzan ohikoak badira ere, orain arte gutxi erabiltzen ziren musika mintzaira lantzeko. Aurtengo ikasturtean, ordea, urrats bat aurrera egin du Orioko Danbolin Musika Eskolak, eta solfeoko klaseak plataforma birtual bat oinarri hartuta ematen hasi da. «Oso gustura gaude metodologia berriarekin. Musika mintzaira betiko moduan lantzen dugu, baina, plataformak eskaintzen dituen baliabideen bitartez, ikasketa prozesua askoz atseginagoa bihurtzen da», azaldu du Danbolin Musika Eskolako zuzendari Elena Errastik.

Gainera ikasleek etxeko ordenagailutik plataformara sartuta jolasen bidez musika ikasteko aukera dutela ere adierazi du.

Euskaraz

Errastiren esanetan plataformaren ezaugarri nagusia «irakasleen komunitatea» da. «Hala, sortzaileek harreman zuzena dute irakasleokin, eta etengabe berritzen ari da metodologia». Horrez gain, euskaraz dela ere nabarmendu du Danbolin Musika Eskolako kideak. «Normalean, horrelako plataformak gaztelaniaz izaten dira, eta guretzat ez dira baliagarriak. Dena dela, bere garaian, Eibarko Musika Eskola proiektuan sartu zuten, eta hari esker liburuak eta plataforma osoa euskaraz daude egun».

Plataformak lau liburu osagarri ere baditu, eta Danbolin Musika Eskolan musika mintzaira bost mailatan banatuta dagoenez, metodologia beren beharretara egokitu dute. «Garrantzitsua da lehenik eta behin ikasleek plataforma erabiltzen ikastea, eta bertako ariketen dinamika ezagutzea. Sortzaileek plataforma hasieratik abiatzea gomendatzen dute, baina guri pena ematen zigun horrelako erreminta eraginkorra izan, eta ikasle guztiek ez aprobetxatzea. Horregatik, aurten azken bi mailetako musika ikasleek ez dute plataforma erabiliko, baina gainontzeko hiru mailetan ezarri dugu ikasketa prozesu berria. Helburua da hemendik bi urtera musika eskolako maila guztietan aplikatzea».

Gurasoak kezkatuta

Plataforman solfeoa jolasen bidez lantzen dute, eta ikasleak «oso gustura» daudela azpimarratu du Errastik. Dena dela, zenbait guraso «kezkatuta» ere agertu dira. «Ikasleek etxean egiten dituzten ariketak irakasleek kontrolatu ditzakegu plataformatik, baina horretarako haurrek internetera konektatu behar dute. Horrek guraso asko beldurtu egiten ditu, konektatzen direnean ez baitakite zein webgunetara sar daitezkeen». Musika Eskolako kideek argi utzi nahi dute teknologia «ikasteko» erabiliko dutela plataforma haurrek, «gaur egun eskura dituzten baliabideak erabilita».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!