Jabier Zabaleta: "Kezka zegoen gure herri euskaldunetan hirigintzak eragin handia zuelako hizkuntzaren biziberritzean"

Karkara 2019ko aza. 28a, 09:58

Orio Euskal Herri osoan aurrenetariko herria izan zen hirigintza arloan hizkuntza ere kontuan hartzen. Orain, EAEko udalek legez egin beharko dute Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE).  

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek legez egin beharko dute aurrerantzean Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), proiektu zehatzek herrien egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina neurtzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko. 2016an hartu zuen ELEk lege izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea onartu zenean, baina  jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuaren bitartez, aurrerantzean beharrezkoa izango da ebaluazio hori egitea. 

Urola Kostako herrietan ari dira dagoeneko pausoak ematen gaiaren inguruan. Orio izan zen lehenengotarikoa HAPOari ELEa egiten: herriko hiru esparrutan etxebizitza dezente eraikitzea aurreikusten zen herrian, eta horren eragin linguistikoa aztertu zuten. Hala ere, HAPOa oraindik onartu gabe dago. 

Orio herri aitzindarietako bat izan zen HAPOari ELEa egiten. Garbi al zeneukaten urrats hori egin behar zenutela?
Guretzat ere gauza berri bat izan zen. Ordurako bazebilen UEMAko herrietan kezka hori, hau da, gure herri euskaldunetan hirigintzak eragin handia zuela, eta euskara atalak baino gehiago eragiten zuela hirigintza atalak hizkuntzaren biziberritzearen prozesuan. Beraz, guri iruditu zitzaigun gure HAPOa berritzeko garaia etorri zenean, horri ere heldu behar geniola. Nahiko modu naturalean etorri zen.

Zer-nolako aurrerapausoa ekarri dio herriari?
Hiri Antolamenduko Plan Orokor hauek oso prozesu luzea izaten dute eta, gainera, korapilatu samarra izan ohi da beraien onarpen prozesua ere, fase asko pasatu behar baitituzte. Guk erabaki genuen HAPOa egitea lehendabiziko fasean; hau da, alternatibak planteatzen zirenean herriaren garapenerako, garapen horiek aurrera ateraz gero, hizkuntzarengan zer eragin izango zuten aztertzea. Hori hasiera-hasieran egin genuen, eta gero HAPOak segitu du bere bidea. Geldirik ere egon da urtebete eta gehiago beste arrazoi batzuengatik, eta gaur egun  oraindik udalak HAPO hori ez du onartu erabat.

Beraz, guk egin dugu aurrelan bat eta jada aztertuta dauzkagu HAPO horren barruan hizkuntza batengan egon daitezkeen aktuazio nagusiak zeintzuk diren. Azterketa hori mahai gainean dago, HAPOa osatzen duten beste txosten askorekin batera. Berriro ere plan orokorra lantzen hastean, dauden dokumentuen artean, pentsatzen dut hizkuntzari dagokiona ere kontuan hartuko dela eta eragina izango duela hartuko den erabakian.

Aplikatu ez arren, nolako balorazioa egingo zenuke orain arte egindako lanaren inguruan?
Gure ELEaren prozesua oso mugatua izan zen denboran. Pare bat hilabetetako epean HAPOaren barruan zeuden hiru aktuazio inportanteenak aztertu genituen. Izan ere, herriko hiru esparrutan etxebizitza dezente eraikitzea aurreikusten zen, eta horien balorazio bat egin genuen, hizkuntza aldetik zer-nolako inpaktua izan dezaketen. Elkartu ginen Hirigintza Departamentukoak, Euskarakoak eta Elhuyar Aholkularitzakoak, eta osatu genuen dokumentu bat hizkuntza inpaktuari dagokiona. Horren balorazioa ona izan zela iruditzen zait; izan ere, proiektu horiek aurrera ateratzen badira, badakigu hizkuntzan zein eragin izan dezaketen eta horiek gutxitzeko zer neurri hartu beharko liratekeen.

Orain, dekretuz datorren legearekin egindako lana aplikatu ahal izango duzue?
Dekretu berriak egiten duena da bere beharra ezarri. Guk gure kasa egin genuen, egokia zela iritzita, baina ez geunden legez behartuta. Egia da, orain, HAPO bat egiten denero, ingurumen inpaktuaren balorazioa egin behar den bezala, hizkuntza inpaktuaren ebaluazioa ere egin behar dela. Guk HAPOa egin genuenean lehenengotarikoak izan ginen, eta oso esperientzia gutxi zeuden Euskal Herrian; Galesen-eta bazeuden aurrekari batzuk, baina hemen nekez. Gurekin batera egin ziren pare bat tokitan. Katekoorratzarekin helduta bezala egin genuen bakoitzak, ahal izan genuen edo egokien iruditu zitzaigun moduan. Harrezkero, prozedurak findu egin dira.

Hiru urte pasatu dira egin genuenetik, eta orain egin beharko bagenu, beste modu batera egingo genuke eta seguru aski hobetu egingo genuke. Teknika batzuk garatu egin dira, badaude tresna batzuk zenbait gauza txukunago egiteko eta, oro har, garbiago dago orain azterketa horiek nola egin behar diren. Azken finean, aurretik ibiltzeak bere alde onak eta ajeak ditu. Guk ekin genionean toki berri batean murgildu ginen, eta inprobisatzen aritu behar izan genuen, gauzak asmatzen. Ondoren, Uemak lan handia egin du eta gaur egun tresnak doituago daude gauzak hobeto egiteko.

Zehaztuago dago beraz.
Hala da, bai. Edonola ere, oraindik ere findu behar du. Ez zaigu ahaztu behar... Hau gauza berri-berria da, eta bide bat egin behar du. Erabat ezarri arte denbora pasatzen da. Adibidez, gauza bera gertatzen zen ingurumen inpaktuarekin; hasieran ez zen oso jakina nola egin behar ziren gauzak, gero bide bat egiten dute eta egun oso barneratuta dago. Honekin ere gauza bera gertatuko da. Hasieran zalantzak egongo dira, eta hemendik urte batzuetara askoz ere errotuago egongo da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!