'Ttap' aldizkariak jaso du Rikardo Arregi komunikazio saria

Karkara 2019ko aza. 29a, 09:42

Zumaiako 'Baleike' dago aldizkari digitalaren sortzaileen artean. Kanaldude telebistari eman diote kazetaritza arloko saria, eta Iñaki Elorza 'Txapas' azpeitiarrak Ohorezko Aipamena jaso du.

Banatu berri dituzte Andoainen aurtengo Rikardo Arregi Sariak, eta horietako batzuk iritsi dira Urola Kosta eskualdera.

Kazetaritza eta komunikazio arloko sariak dira atzo arratsaldean Bastero kultur aretoan egindako ekitaldian banatu zituztenak. Launa hautagai iragarriak zituzten bi arloetan, eta eskualdeko ordezkaritza zabala zen hautagaien zerrendan. Eta zuzenean edo zehazki Urola Kostako sariturik egon ez bada ere, aurtengo Rikardo Arregi komunikazio sariaren zati bat bai heldu dela eskualdera; Zumaiara, hain zuzen ere. Izan ere, Ttap aldizkari digitalari eman diote sari hori, eta Ttapen sortzaileen artean dago Zumaiako Baleike herri komunikabidea. 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina eta Oier Aranzabal zarauztarra ere hautagaien zerrendan zeuden, Codesyntaxen Egunean Behin jokoa bezala.

Kazetaritza saria, berriz, Nafarroa Beheko Kanaldude telebistak irabazi du, Hurbiletik saioarekin; Miel Anjel Elustondo azpeitiarra, Ana Galarraga zarauztarra eta Jon Artano zestoarra ziren arlo horretako Rikardo Arregi Sariaren beste hiru hautagaiak.

Gaur Andoainen saria jaso duen bestea, aurrez iragarri bezala, Iñaki Elorza Txapas azpeitiarra izan da. Ohorezko Aipamena eman diote erretiroa hartu berri duen irrati esatariari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!