PAPEREKOA

"Hildakoengatik ezin dezaket ezer egin, baina bai haien senideengatik"

Dorleta Agiriano Lai 2019ko abe. 2a, 12:30

Isilpekoa bezain agerikoa den ogibidea du Alazne Zabalak (Orio, 1997). Beilatoki batean jarduten du, eta besteak beste, hilotzak prestatzeaz arduratzen da.

Hiru hilabete inguru darama ofizioan, eta argi du hildakoen artean lanean jarraituko duela; batez ere, ahaideei ekarpena egin asmoz. Heriotzaren eta bizitzaren hamaika aurpegi ezagutu ditu jada, eta ehorztetxeetako prozesuak barnebiltzen dituen argi-ilunen artean murgilduta segitzea du helburu.

Noiz sortu zitzaizun lanbidea ezagutzeko jakin-mina?

Nire amona zendu zenean, bere gorpua ikustera joan nintzen beilatokira. Ez zen atsegina izan nola ikusi nuen, ikusi nuen azkeneko aldian. Orduan pentsatu nuen ez nuela nahi gauza bera gertatzea senide bat galdu duen beste inori, eta horretan lagundu nezakeela bururatu zitzaidan. Hala, ofizioa ikasteko gogoa piztu zitzaidan.

Nola ikasi duzu lanbidea?

Beilatokian lan egiteko ikasketak non egin nitzakeen begiratu nuen, baina ez nuen ezer aurkitu, eta ile apainketa ikasi nuen. Gero, iragarki bati esker izan nuen beilatokian jardun ahal izateko ikasketen berri. Hasi nintzen, eta ordura arte ikasketetan trebea ez banintzen ere, dena gainditu nuen. Madrilen egin nituen praktikak, eta han manipulatu nuen gorpu bat aurreneko aldiz.

Nola oroitzen duzu une hura?

Zorabiatu egin zen kide bat, eta ni ere bai ia-ia. Hasieran ez nuen hilotza ukitu eta eskuztatu nahi izaten, eta paranoiak izaten nituen. Gorpuek soinuak egiten zituztela iruditzen zitzaidan, eta pentsatzen hasten nintzen ea zer gertatuko litzatekeen benetan hilik egongo ez balira. Izan ere, gorpu batzuk hotzak egoten dira, baina ez beste batzuk. Ohitu arte, etengabeak dira beldurrak. Larderia handia sortzen du gorpuekin eguneroko kontaktua izateak; baina gero, naturala bihurtzen da.

Nolakoa da egunerokotasuna zure lanbidean?

Denetarik egiten dugu: etxebizitzetara edota ospitaletara joaten gara gorpuen bila; prestatu egiten ditugu; elizkizunetara edota ehorzketara eraman; loreak jarri...

Gogorra da?

Badira une gogorrak. Senideak lur jota daudenean, behea jo dezakezu. Normalki baino are zailagoak diren uneak ere badira; hildakoak gazteak direnean, edo heriotzak ikerketa judizialpean daudenean. Kasu horietan, heriotzaren arrazoia garbi ez dagoenetan, gorpua dagoen tokira bertaratzeko hots egiten dizute, baina ez dakizu zer topatuko duzun.

Zer da zure lanbidean gogokoen duzuna?

Hilotzaren bila joan eta prestatzea. Hor dago senideek onera edo txarrera hartuko dutenaren gakoa; nire ekarpena, betearazten nauena. Hildako bat prestatu eta ahaideek diotenean: "Itxura ona du, ematen du lo dagoela"... Orduan pozten naiz, eta orduan dakit ondo egin dudala lan. Prestatzen ditudan pertsonak hilda daude dagoeneko, eta ezin dut ezer egin horren aurrean. Senideengatik, ordea, egin dezaket zerbait.

Zein izaten da jendearen erreakzioa zure lanbidearen berri ematen diezunean?

Ez da ohiko lanbidea, eta asko harritu egiten dira zertan jarduten dudan esatean. Sarri ez didate sinesten, eta horretan lan egiteko, buruz indartsua naizela ere iradokitzen didate. Dena den, indartsua izatea baino, gakoa lanbidea gogoko izatea da. Ofizio askok dute gogorra bihurtzen duten zerbait, baina izaeraren arabera, gogorragoa egiten da bata edo bestea. Nik gustuko dut nire lana, eta ez nintzateke gai izango beste hainbat lanetan aritzeko. Bokazioa da behar den guztia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!