Orioko Mintzalgun taldea: "Oso gustura gaude sanikolasen hasierako ekitaldian egingo diguten omenaldiarekin"

Karkara 2019ko abe. 5a, 09:53
San Nikolas jaietako aurkezpen ekitaldia. (Aritz Mutiozabal)

Hasiera batean, Kosta Tailerrean egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean, sanikolasei hasiera emateko ekitaldia Kultur Etxean egitea erabaki du festa batzordeak. Gaur izango da, 19:00etan hasita.

Gaur arratsaldean emango diete hasiera San Nikolas jaiei Orion, eta aurtengoan Orioko Mintzalagun taldeak botako du txupina, Kultur Etxeko balkoitik. Izan ere, hamar urte bete ditu Orioko euskaltegiko mintzalagun taldeak, eta «merezi duen» omenaldia eskaini nahi diote Orioko Udalak eta festa batzordeak taldeari. "Euskararen eta herritarrak euskalduntzearen alde egiten duten lana aitortu nahi dugu", nabarmendu zuen festen aurkezpenean Orioko Udaleko Kultura, Gazteria eta Festa zinegotzi Xabier Ibargurenek.

Eukene Caballero da Mintzalagun proiektuaren dinamizatzailea Orion eta Urola Kosta bailaran, eta "oso gustura" dago Orion egingo dieten omenaldiarekin. "Egitasmoak hamar urte bete ditu, eta mintzalagunei aitortza egiteko garaia badela uste dut. Astero-astero biltzen dira euskaraz hitz egiteko. Urtez urte proiektua egonkortuz joan da, eta garrantzitsua da euskararen normalizazioaren alde bidelariek eta bidelagunek egiten duten ahalegina aintzat hartzea".

Caballeroren esanetan, euskaltegian euskara ikasten ari diren askok ez dute hizkuntza praktikatzeko aukerarik izaten. "Izan ere, lotsagatik, beren buruan konfiantzarik ez dutelako edo inguru erdaldun batean bizi direlako, ez dute euskaraz hitz egiten kalean. Horregatik, Mintzalagun egitasmoa oso garrantzitsua da, euskara ikasteko ahalegina egiten ari diren pertsonei laguntzeko eta gizartea euskalduntzeko balio baitu".

Aldaketak
Azken hilabeteetan, plazako obrek hainbat aldaketa sortu dute herrian, eta jaietan ere eragingo du horrek. Batetik, hasiera batean Kosta Tailerrean egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean, sanikolasei hasiera emateko ekitaldia Kultur Etxean egitea erabaki du festa batzordeak. Gaur izango da, 19:00etan hasita. Aurretik erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira herrian barrena kalejiran, eta aurten, festetako lehen egunean, ibilbide berria estreinatuko dute horiek: Kultur Etxetik aterako da konpartsa, eta Eusko Gudari kalea igarotzean, Kale Nagusira joango dira, handik Goiko Kalerako bidea hartzeko; Piliku plazatik Iturbide kalera iritsiko dira, eta berriz ere, Frontoiko aldapatik Eusko Gudari kalera helduko dira; ondoren, Arrantzale kalea zeharkatu eta Kultur Etxera itzuliko dira, festei hasiera emateko ekitaldira.

Bestetik, festa gunea ikastolaren aurreko zabalgunean egongo da, eta horretarako, karpa erraldoi bat atondu dute; bertan egingo dituzte kontzertuak, kultur emanaldiak, tailerrak nahiz jolasak, eta txosna eremua ere han izango da.  Ibargurenek azaldu duenez, aurtengo sanikolasetan ez da barrakarik izango. "Jai batzordean parte hartu duten eragileekin hausnarketak eta ferianteekin bilerak egin ditugu, alternatiba ezberdinak eta proposamenak teknikoki aztertu ditugu, baina ez dugu irtenbide bideragarririk aurkitu. Horregatik, aurtengo jaietan, behintzat, ez da barrakarik egongo. Dena dela, horrek ez du esan nahi datozen urteetan egongo ez direnik". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!