Irudietan: Haurrak dira protagonista, sanikolas bigarrenean

Karkara 2019ko abe. 7a, 14:05

Egun osoan zehar, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako jarduera sorta izango da Orion. ZASTek eta Ikastolak antolatutako 3X3 txapelketarekin abiatu dute goiza, eta eguerdian eta arratsaldean etxeko gazteenei zuzendutako jolasak izango dira Ikastola aurreko zabalgunean, besteak beste.

Umeen egunerako antolatu dituzte jolasak, jolas libreak dira, eta bertan eskuragarri jarri duten materiala nahieran erabili dezakete haurrek, begiraleen azalpenak jarraitu gabe. Ekimeneko arduradunen esanetan, "jolas horietan begiraleek ez dute haurra gidatu nahi, behar dutenarekin laguntzea baita begiraleen lana". Horrez gain, gurasoek ere jolasetan parte hartzea eta familian aisialdi une atsegina igarotzea nahi dute.

Bestalde, arratsaldean ere izango da zeregina herrian. Besteak beste, 17:00etan erraldoien eta buruhandien kalejirari emango diote hasiera kultur etxetik; 18:30ean, Burrunba elektrotxarangarekin poteoa abiatuko dute; 18:00etarako, 12 urtetik gorakoentzat Skate txapelketa antolatu dute Ikastolako ikasleek, eta 19:00etan, 12-20 urte bitarteko gazteen Patata Tortilla lehiaketa izango da.

Erretiratuen hamaiketako
Haurrei zuzendutako egitasmoez gain, herriko erretiratu eta pentsiodunentzat hamaiketakoa ere antolatu du festa batzordeak. Zaharren Babeslekuan. Bertan, mokadutxo ederra jateko aukera izan dute adinekoek, eguerdi partean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!