Galarraga laugarren izan da Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan

Karkara 2019ko abe. 8a, 12:13

Aimar Irigoien errezildarrak jantzi du txapela Azpeitian, eta bigarren izan da Eizmendi zarauztarra, orain arteko txapelduna.

Hamargarren txapela jantzi du Aimar Irigoienek Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu da harri-jasotze txapelketa. Alde nabarmenez izan da txapeldun: 8.225 kilo altxatu ditu errezildarrak, eta atzetik izan da Eizmendi, 7.250 kilo jasota.

Inoizko harri-jasotzaile kopururik handienak parte hartu du aurten Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan, zazpik. Aimar Irigoien errezildarraz eta Jokin Eizmendi zarauztarraz gainera, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra, Aimar Galarraga oriotarra, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna eta Julen Diaz urizahartarra ere aritu dira. Ia denak eskualdekoak, beraz.

Lau harrirekin jardun dute lehian harri-jasotzaileek, harri bakoitzarekin hiru minutuko lanean: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

Hona sailkapena:

1- Aimar Irigoien (Errezil). 8.225 kilo altxatuta (7-15-13-18)
2- Jokin Eizmendi (Zarautz). 7.250 kilo (7-11-12-17)
3- Xabier Peñagarikano (Aizarnazabal). 6.150 kilo (5-8-10-18)
4- Aimar Galarraga (Orio). 5.600 kilo (6-9-8-13)
5- Xabier Aranburu Guzta (Urrestilla). 5.250 kilo (6-8-10-10)
6- Iñigo Eizagirre Eiza (Zarautz). 4.300 kilo (3-5-8-13)
7- Julen Diaz (Urizahar, Araba). 3.425 kilo (4-5-5-8)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!