PAPEREKOA

Bizitza bertso artean

Zaragueta Herri Eskola 2019ko abe. 9a, 11:30

Zaragueta Herri Eskolako ikasleek elkarrizketa egin diote Iñaki Gurrutxaga bertsolari eta irakasleari, KARKARAren 411. zenbakiko 'Ikasleak idazle' atalean. Hona hemen elkarrizketa osorik.

Noiz eta zergatik hasi zinen bertsotan?

Bertsotan noiz hasi nintzen ez dakit, baina Bertso Eskolan bai: 5. mailan nengoela hasi nintzen. Eta nire kuadrillako denak hasi zirelako hasi nintzen.

Noiz hasi zinen ikastetxeetan lanean?

22 urterekin hasi nintzen, unibertsitateko ikasketak bukatu nituen urte berean. Eta Zaraguetan jada urte asko daramatzat lanean.

Beste lanbiderik ba al duzu?

Ez, nire lanbidea ikastetxez ikastetxe bertsoak irakasten ibiltzea da.

Gustukoa al duzu lana?

Bai, oso gustuko dut, baina ez zait beti gustatzen. Ez dut uste inor dagoenik bere lana eguneko 24 orduz gustuko duenik.

Zenbat urte daramatzazu bertsotan plazaz plaza?

Jendaurrean aurrenekoz bertso eskolan hasitako urte berean kantatu nuen. Baina plazaz plaza, 16 urterekin hasi nintzen.

Noiz pentsatzen duzu bertsolari izateari uztea?

Ez dakit uzterik dagoen.

Zer sentitzen duzu bertsotan?

Emozio asko sentitzen dira. Hasieran beldurra, abestu behar duzunaren aurrean, eta abesten zaudenean, poztasuna ondo ateratzen denean, haserrea horren ondo ateratzen ez denean… Sentsazioak montaña rusa batean ibiltzearen antzekoak dira, gorabeheratsuak oso.

Txapelketaren bat irabazi al duzu noizbait?

Lehiaketak bai, baina txapelketak ezagutzen diren bezala, probintzi mailakoa, 18 urte bitartekoa. Eta helduen txapelketarik ez, baina finalera ailegatu bai.

Zein da zure bertsolaririk gustukoena?

Adibidez, lehengo bertsolariak oso gustuko ditut: Txirrita, Otaño eta Peio Errota.

Bukatzeko, nork irabaziko du Gipuzkoako bertsolari txapelketa?

Beñat Gaztelumendi faborito nagusiena dela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!