Lacadenaren ‘Andre Gobadaria’ eskultura jarri dute Astigarragan

Karkara 2019ko abe. 10a, 16:37

 Ibaiertzean, belaunetaraino uretan sartuta, arropa garbitzen zuten emakumeak omendu izan nahi ditu Maria Jose Lacadena eskulturagile oriotarrak.

Azaroaren 29an, Andre Gobadaria izeneko eskultura jarri zuten Astigarragan, Urumea ibaiaren ondoan, Ibai parkean. Eskultura Maria Jose Lacadena eskultore oriotarrak sortu du, eta haren bidez, Astigarragako Udalak garai bateko emakume arropa-garbitzaileak ekarri nahi izan ditu gogora, Urumea ibaiaren ertzean arropa garbitzen aritzen ziren emakumeak, hain zuzen.

Mari Jose Lacadenaren eskultura aukeratu zuen Astigarragako Udalak, emakume garbitzaileei omenaldia egiteko, haren eskulturak ondo jasotzen duelako emakume haiek egiten zuten "lan gogorra", eta ondo batzen dituelako lan haren osagarriak: emakumea, arropak, ibaiko ura eta lanerako erabiltzen zuten ohola.

Eskulturaren inaugurazio-ekitaldian, herriko alkate Xabier Urdangarinek azaldu zuen, Urumea ibaia eta Astigarraga «lotuta» egon direla beti. «Bizitza handia izan du errio bazterrak, eta lan eta jarduera asko garatu dira bertan. Horietako asko gizonezkoek egiten zituzten, baina bazen bat emakumeek egiten zutena, errio izkinan arropa garbitzea». Izan ere, Astigarragako emakume garbitzaileak ezagunak ziren, Donostiako Belle Epoque garaian, Donostiara etortzen ziren aristokraten arropa garbitzen zutelako. «Benetan lan gogorra zen, eta emakume horiei merezi duen aitortza egin nahi diegu», azaldu zuen Urdangarinek aurkezpenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!