Dagoeneko eskuragarri dago Apal Morea udal liburutegian

Karkara 2019ko abe. 12a, 14:13

Feminismoa herrira gerturatu eta baliabideak eskura jartzea helburu hartuta, martxan jarri du proiektu berria Ahalduntze Eskolak. Aurrerantzean, feminismoari buruzko liburuak eskuragarri izango dira udal liburutegian.

Abian da Orioko emakumeentzat Ahalduntze Eskola, eta aurreneko proiektuei heldu diete dagoeneko. Asteazkenean, esaterako, Apal Morea aurkeztu zuten Aizpea Esnaolak eta Eider Goiburuk udal liburutegian. Berdintasun teknikariek azaldu zutenez, aurrerantzean, “liburu feministaz osatutako txokoa" izango du herriko liburutegiak.

Apal Morearen helburua “feminismoa herrira gerturatzea eta interesa duten herritarrek baliabideak edukitzea” dela gehitu zuen Goiburuk. “Gaiaren inguruan irakurri eta hausnartzea nahi dugu”. Xede hori ardatz hartuta, liburu mota ezberdinez hornitu dute txoko berria. Alde batetik, komikiak bildu dituzte. Izan ere, teknikarien hitzetan, “errazagoa izan daiteke komiki bat irakurtzea, hitza ez den beste komunikabide bat erabiltzen delako”; bide beretik, ipuin bildumak txertatu dituzte. Entsegu “mardulago” batzuk ere hautatu dituzte, “era sakonagoan gaiaz jakin nahi dutenentzat”.

Liburuetan jorratzen diren gaiei dagokienez, “aniztasuna ekartzen” saiatu dira herrira. “Transexualitatea, amatasuna, maskulinitatea, lesbianismoa, indarkeria matxista, feminismoaren bibliak, patriarkatuaren sorrera eta maitasunaren inguruko hausnarketak” lantzen dituzten piezak daude irakurgai, besteak beste. Tartean, azken urte honetan landu duten Orioko emakumeen diagnosia jarri dute eskuragarri.

Txoko more dinamikoa

Feminismoa herrira gerturatzeko, jada, herritarren eskura dagoen Apal Morea dinamikoa izatea nahi dute Goiburuk eta Esnaolak. “Jendearen interesa jasotzen joan ahala, liburu gehiagoz hornitu nahi dugu txokoa”. Horrela, herritarrek “eskariak egiteko aukera” dute eta teknikariek liburuak herrira ekartzeko ahalegina egingo dute.

Dagoeneko eskuragarri dago Apal Morea herritar guztientzat. Liburutegiko dinamikarekin bat eginda, bertako liburuak alokatzeko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!