Badu Apal Morea liburutegiak

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko abe. 13a, 10:21

Aurrerantzean liburu feministaz osatutako txoko berria izango du Orioko udal-liburutegiak. Herritarrek askotariko gaien edukiak maileguan hartzeko aukera dute dagoeneko.

Abian da Orioko emakumeentzako Ahalduntze Eskola, eta aurreneko proiektuei heldu diete dagoeneko. Asteazkenean, Apal Morea aurkeztu zuten Aizpea Esnaolak eta Eider Goiburuk udal-liburutegian. Berdintasun teknikariek azaldu zutenez, aurrerantzean, «liburu feministaz osatutako»  txokoa izango du herriko liburutegiak. 

Apal Morearen helburuen artean «feminismoa herrira gerturatzea eta interesa duten herritarrek baliabideak edukitzea» daudela gehitu zuen Goiburuk. «Gaiaren inguruan irakurri eta hausnartzea nahi dugu». Xede hori ardatz hartuta, liburu mota ezberdinez hornitu dute txoko berria. 

Alde batetik, komikiak bildu dituzte, izan ere, teknikarien hitzetan «errazago izan daiteke komiki bat irakurtzea, hitza ez den beste komunikabide bat erabiltzen delako», bide beretik, ipuin bildumak txertatu dituzte. Entsegu «mardulago» batzuk ere hautatu dituzte, «era sakonagoan gaiaz jakin nahi dutenentzat». 

Aukera zabala 

Liburuetan jorratzen diren gaiei dagokienez, «aniztasuna ekartzen» saiatu dira herrira. «Transexualitatea, amatasuna, maskulinitatea, lesbianismoa,  indarkeria matxista, feminismoaren bibliak, patriarkatuaren sorrera eta maitasunaren inguruko hausnarketak» lantzen dituzten piezak daude irakurgai, besteak beste. Tartean, azken urte honetan landu duten Orioko emakumeen diagnosiaren dokumentu  jarri dute eskuragarri. 

Feminismoa herrira gerturatzeko, jada herritarren eskura dagoen Apal Morea «dinamikoa» izatea nahi dute Esnaolak  eta Goiburuk. «Jendearen interesa jasotzen joan ahala, txoko berria liburu gehiagoz hornitzen jarraitu nahi dugu». Horrela, herritarrek liburutegian ez dauden liburuen eskatzeko aukera izango dute aurrerantzean, eta teknikariek ahalegina egingo dute horiek herrira ekartzeko. 

Apal Morea herriari erakusteko ekitaldian Emariak liburua aurkeztu zuten udal liburutegian. Kalaka komunikazio taldeak sortu du liburua eta, «emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma»  egitea izan dute helburu. 12 biografia josten ditu lanak, isilaraziak izan diren emakume horien lorpenak  erdigunera eramateko. Bilduma  herritarrei erakusteko aurkezpenean izan ziren Ilazki Gainza eta Nerea Uria sortzaileak.

Azken urteotan ikastetxeekin jardun dira biak  berdintasunerako bidea eraikitzeko lanean. Asteazkenean adierazi zuten hezkuntzarekin izandako harreman estuak hausnarketarako bidera eraman eta «tresna bat sortzeko beharra» sentitu zutela. «Hezkuntza mailan oraindik ere testu liburuetako pertsona garrantzitsuen %75 maskulinoa da». Egoera ikusita beren «aletxoa» jarri nahi izan dute «gaiaz hitz egin eta emakumezkoen erreferentzia falta hori» betetzeko.  

Erreferentzia bila

Izan ere, ikastetxeetan haurrei erreferente baten izena eskatzean «inkontzienteki gizonezkoen biografiak» aurkezten dituztela ohartu ziren berdintasun aholkulariak. Gainzak azpimarratu zuen, orain arte kontatu diguten errealitatea gizonena izan dela eta horregatik sortu dutela baliabide hau. «Isilarazitako emakumeen izenak eta lanbideak jakiteko eta haurrengana iristeko».

Guztira hamar emakume eta bi kolektibo batu dituzte lan honetan. «Ezezagunak diren emakumeen izen berriak ekarri ditugu gurera. Euskal Herrikoak zein nazioartekoak. Izan ere, hemengoa izan edo ez, emakume izateak batzen gaitu». Horrez gain, ikusgai daude lanbide ezberdinetako lehengo eta oraingo izenak Emariak bilduman.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!