Irudietan: Hamalau apostolu arraunlariak aurkeztu dituzte jendaurrean

Karkara 2019ko abe. 15a, 17:00

Oteizaren hamalau apostoluen kontzeptuari jarraiki, Iñaki Arrillaga artistak apostolu arraunlarien irudia sortu du.

Orio Arraunketa Elkarteak 14 apostolu aurkeztu ditu elizako zimitorioan. Oteizaren hamalau apostoluen kontzeptuari jarraiki Iñaki Arrillaga artista oriotarrak apostolu arraunlarien irudia sortu du. Jorge Oteiza herrikidea izan du "abiapuntu" bere eskultura eta margoak sortzeko, bere interpretazioa erantsita. "Arantzazuko Apostoluak arraunlariak balira bezala daude irudikatuta" dio Arrillagak.

Arrillagaren lanaren ideiari eutsita, OAEk apostoluen argazkiarekin 2020rako egutegia kaleratuko du datorren astean. Emakume arraunlariek aurten egindako lorpenei behar duten garrantzia emateko hautatu du elkarteak emakume arraunlarien hamalaukoa. OAEren datuen arabera, Orioko emakumeak 1986an hasi ziren arraunean eta geroztik gaur arte lortutakoa “sekulakoa” izan da. Aurten, 20 bandera eta koroa bat irabazi dituzte, liga eta Kontxako bandera besteak beste. Orion, emakumeen arraunak “perspektiba berri bat"  hartu duela adierazi du Xabier Sukia, OAEko komunikazio arduradunak.

Hamalau hautatu badituzte ere, "denak dira gure arraun historian mugarri eta bidegile" Sukiaren esanetan. "Ez da pertsona bakoitzari egiten zaion omenaldi pertsonal bat, bakoitzaren atzean eta ondoan egondako guztientzat da gaurko aipamen berezi hau".

Belaunaldi ezberdinetako arraunlariak elkartuta osatu dute hamalaukoa. 1986an lehen arraunkadak eman zituen neska talde batek, emakumeak arraunean hasi zirenean han zeuden beraiek. Horregatik Ainhoa Gozategi, Agurtzane Astigarraga eta Leire Alustiza  (lehen txapelketa irabazi zuen Oriotarra) dira lehen hiru apostoluak. Su horrek "jarraipena behar zuen" eta jarraipen "bikaina" eman zioten ondoren etorri ziren arraunlariek. Horregatik, Marijo Salsamendi, Maite Lazkano, Sara Peña, Kristina Korta, Naiara Campos, Jaione Goikoetxea eta Eder Etxeberria hautatu dituzte. Belaunaldi berrietako arraunlariez ere ez dira ahaztu, eta 2010ean trainerua lehen aldiz martxan jarri zenean bertan zeuden Itziar Olasagasti, Garazi Oliden eta Nadeth Arruti hautatu dituzte. Eta azkenik, hamalaukoa osatzen, "etorkizunari atea irekita uzteko, Orioko uzta berriaren ordezkaria", Rosa Atorrasagasti.

Dokumentala: emakumea eta arrauna

Egutegiaz gain badira proiektu gehiago ere emakumeen lana goraipatzen. Datorren urtean Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, Orio Arraunketa Elkarteak ikus-entzunezko bat egingo du. "Arrauna eta emakumeak izango ditu ardatz. Gaur kabitu ez zaizkigun beste guztien ahotsak biltzea izango da helburua", Sukiaren hitzetan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!