Emakumeentzako Ahalduntze Eskolan eskainiko dituzten ikastaroak, erabakita

Karkara 2019ko abe. 17a, 12:00
Emakumeen beharren diagnosiaren aurkezpena.

Emakumeen beharren diagnosia ardatz hartuta, Ahalduntze Eskolak barnebilduko dituen ikastaroak jakinarazi dituzte dagoeneko. Urtarriletik aurrera, gutxienez bost ikastaro izango dira Orion.

Eider Goibururen eta Aizpea Esnaolaren eskutik, aurten jarri dute martxan emakumeentzako Ahalduntze Eskola Orion. Orain artean, besteak beste, harrera zerbitzua eskaini dute kultur etxean kokatutako gunean, eta Apal Morea ere aurkeztu zuten iragan astean.

Berrikuntzekin datoz orain. Emakumeen beharrak identifikatzeko diagnosia abiatzean iragarri modura, azterketa horretatik lortutako emaitzak oinarri hartuta, hainbat ikastaro antolatu dituzte, Ahalduntze Eskolaren barruan. Hain zuzen, honakoak izango dira eskainiko diren eskolak: kudeaketa emozionala, noka ikastaroa, etxeko konponketak, euskaltzaletasuna eta feminismoa, eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feminista ikastaroa. Urtarrilean edota otsailean hasiko dira saioak.

Hona hemen, modu zehatzagoan, ikastaro bakoitzari buruzko azalpenak:

  • Kudeaketa emozionala
    • Noiz: otsailaren 15ean, 09:30etik 13:30era.
    • Lekua: Salatxo aretoan.
    • Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz.
    • Saioaren gidaria: Irati Trebiño.
    • Azalpen orokorra: "Bizi garen gizarte eta garai hauetan, pertsonak gero eta urrunduago gaude elkarrengandik eta beharrezkoa da giza esperientziaren aberastasuna taldean bizi ahal izateko aukerak eskaintzen dizkiguten guneak sortzea. Izaki sentikorrak gara, baita izaki sozialak ere. Hortaz, bere osotasunean, jabetzeko eta hori esperientziara eraman ahal izateko abagunea sortzea da tailer honen helburua; gure sentimenduez jabetzeko, onartzeko eta horiek partekatu ahal izateko espazio bat sortzea".
  • Noka
    • Noiz: otsailaren 28an, martxoaren 6an, 13an eta 20an eta 27an, eta apirilaren 3an, 18:00etatik 19:30era.
    • Lekua: kultur etxean.
    • Hizkuntza: euskaraz.
    • Saioaren gidaria: AEK.
    • Azalpen orokorra: "Hitanoa bizi-bizirik dago Orion, baina ia-ia ez da erabiltzen neskei zuzentzerakoan, nahiz eta adineko emakume askok oraindik normaltasun osoz hitz egiten duten noka. Nokaren galera horrek, batetik, garbi islatzen du ahozko hizkeraren higadura; baina, bestalde, badu garrantzia emakumeon ahalduntzearen esparruan ere, noka hizkuntza erregistro egokia baita , emakumeon arteko konplizitatea sustatzeko eta gizon-emakumeen arteko harreman horizontalagoak eraikitzen laguntzeko".

  • Etxeko konponketak
    • Noiz: urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an eta 11n, 17:30etik 19:30era.
    • Lekua: Etxeluze gaztetxean.
    • Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz.
    • Saioaren gidaria: Izaskun Gurrutxaga.
    • Azalpen orokorra: "Tradizionalki mundu maskulinizatuak dira konponketak eta brikolajea. Tailer honetan
      emakumeon autonomia bilatuko dugu lanabesen manejua eta zurgintza landuz".
  • Euskaltzaletasuna eta feminismoa
    • Noiz: otsailaren 26an, 19:00etan (data baieztatzeke).
    • Lekua: kultur etxean.
    • Hizkuntza: euskaraz.
    • Saioaren gidaria: Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre.
    • Azalpen orokorra: "Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Euskara eta generoa, biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira ahalduntzeko eta boteretzeko lekua".
  • Autodefentsa feminista tailerra nerabeentzako
    • Azalpen orokorra: "Emakumeonganako indarkeriaren jatorria sexuaren arabera ezartzen diren botere harremanak direnez, honi aurre egiteko gakoak eskaini eta harreman eredu berriak aldarrikatzen dituen jarrera politikoa feminismoa delako. Lasai hitz egiteko, bizipenak partekatzeko eta taldeko indarra eratzeko gune aske eta segurua topatuko duzu tailer honetan, autoestimu feminista hartuta ardatz. Ikastaro honetan erasoak identifikatzen ikasiko dugu; era berean, indarkeria nola sortzen den eta zer ondorio dituen ikusiko dugu. Mekanismoak eta ekintzak bilatuko ditugu eguneroko bizitzan diren eraso egoerei aurre egiteko". Antolatzaileek azaldu dutenez, "indarkeria kasuak detektatu ditugun emakumeekin" egingo dute tailerra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!