PAPEREKOA

"Bezero guzti-guztiak oroituko ditut beti"

Onintza Lete Arrieta 2019ko abe. 21a, 14:00
(Onintza Lete Arrieta)

Hunkituta jaitsi du Itzala tabernaren pertsiana Rita Zalduak (Zarautz, 1959). Zarauztarra da eta Zarautzen bizi da, nahiz eta 38 urtean Orion aritu lanean, Kultur Etxe alboko tabernan. 22 urterekin sartu zen barra horren atzera, eta aurten hartu du erretiroa, 60 urterekin. Azaroaren 29a izan zuen azken lan eguna, ixteko erabakia orain urtebete hartu arren.

Hogeita hemezortzi urte barraren atzean. Badira batzuk.

Bizitza oso bat da. Senarrak eta koinatuak jarri zuten taberna, eta askorik pentsatu gabe hasi nintzen. Lana zen, eta aurrez ere ibilia nintzen Getarian zerbitzatzen.

Gogoan duzu aurreneko laneguna?

Sanikolas bezperetan hasi ginen, abenduaren 3 edo 4 batean. Oso indartsu hasi ginen: taberna berria, festak, badakizu. Zoramena izan zela oroitzen dut.

Nolakoa izan da bukaera?

Orain urtebete pentsatu nuen hau izango zela azken urtea, eta joan naiz gauzak prestatzen. Bezeroei, ordea, ez nien esan bi egun lehenagora arte; ez nituen haien komentarioak entzun nahi. Eta, hala ere, aritu zaizkit orain zer egingo dugu eta halakoak esanez. Opariak egin zizkidaten azken egunean, eta azkenean hunkitu egin nintzen; ez ditut sekula ahaztuko. Bezero guzti-guztiak oroituko ditut beti. Penarekin itxi nuen, baina baita pozik ere.

Urte askoan bakar-bakarrik atera duzu aurrera taberna.

Bai. Senarra duela 13 urte hil zen, aurreko bi urteak gaixo pasa ondoren. Beraz, hamasei urte daramatzat bakarrik lanean. Eta egunean 15 ordu lan egiten. Baina bizitza horrelakoa da. Tokatu egin zait, eta kito. Gainera, oso gustura aritu naiz lanean. Bezero oso onak izan ditut, oso fidelak, eta familia handi bat bezalakoa izan gara.

Nolakoak izan dira Itzalako bezeroak?

Emakume talde bat egon da benetan alaia. Norbaiten urtebetetzea zen bakoitzean kantu kantari, beti umoreko… Karta-jokoan ere gizonak mahai ilara osoa aritzen ziren… Pena handia ematen didate. Noski, aurkituko dute ordezkoa, baina zaila izango da gurean bezala, denak elkarrekin, punta batetik bestera hizketan aritzeko tokia aurkitzea. Giro polita zeukaten. Oroitzapen horiek guztiak neurekin eramango ditut. Gainera, oso maitatua sentitu izan naiz beti. Baditut bezeroak aurreneko egunetik datozenak; 22 urteko neskatoa nintzen hasi nintzenean, pentsa.

Taberna Orion, baina bizi Zarautzen; joan-etorrian egunero. Autoz?

Hara, gidabaimenik ere ez nuen atera, beti senarrarekin egiten nuelako joan-etorria. Ez duzu uste ezer pasako denik inoiz. Hil zenean, 11-12 urte pasatu nituen trenez etortzen; 06:20eko trena hartu eta azkenekoan itzultzen nintzen, 22:15ekoan.

Korrika eta presaka.

Beti korrika eta presaka. Gero, nire koinatua, Juantxo Eizagirre, jubilatu egin zen, eta azken sei urteetan izugarri lagundu dit hark. Ekartzen nau, mahaiak ateratzen dizkit, gero joan egiten da, gero itzuli… Zoragarria. Izan ere, beldurgarria da egunero zubi hori euritan eta haizearekin gurutzatzea.

Eta orain zer egin behar du zure koinatuak?

Ene! Gustura asko hartu du nire erabakia! 67 urte baditu jada, eta berak ere nahi du jubilatu, eta ez eduki betebehar hori. Badakit gustura egin duela, eta pila bat eskertzen diot, baina…

Hamabost orduz lana egitetik taberna ixtera pasatuta, zertan erabiliko duzu orain zure denbora?

Goizean, edozein etxeko andrek bezala, etxeko lanak egiten ditut, bueltatxo bat eman… Arratsaldeetan, berriz, biloben bila joaten naiz, 4 eta 7 urte dituztelako. Horiek arratsalde osoa hartzen didate, ez dago aspertzeko denborarik. Ondo, gozatzen ari naiz. Gerora iritsiko da kanpora irten ahalko dudan garaia ere. Izan ere, orain gure 93 urteko ama etxean daukagu.

Oraintsu pasatu zara zure taberna izandakoaren aurretik. Zer sentitzen da pertsiana jaitsita ikustean?

Sentitzen duzu barrenean zerbait. Batzuek esaten dute tristura ematen duela kaleak, tabernarik gabe, zonalde honetako azkena zelako eta beti zegoelako jendea kanpoan. Komertzio txikiak alaitu egiten du herria, eta ikusiko dugu norbait animatu eta hartzen duen lokala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!