Aimar Galarragak lortu du posturik onena oriotarren artean 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketan

Karkara 2019ko abe. 23a, 16:00

Galarragak 12 jasoaldi egitea lortu zuen Asteasun. Ostolazak eta Etxeberriak, berriz, 9 eta 6. Aimar Irigoien errezildarra gailendu zitzaien denei, 17 aldiz altxatuz harria.

200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatu zuten atzo, igandean, Asteasun (Gipuzkoa), eta Aimar Irigoien errezildarra nagusitu zen proban; hiru minutuko bi txandatan, 17 aldiz altxatu zuen harria Irigoienek. Bigarren postuan, Jokin Eizmendi zarauztarra sailkatu zen, 16 jasoaldi eginda; hirugarren, berriz, Inaxio Perurenak egin zuen, guztira 15 jasoaldi egin ondoren. 

Guztira, hamabi harri-jasotzaile lehiatu ziren txapelketan, eta eskualdekoen presentzia nabarmena izan zuen norgehiagokak. Izan ere, horietatik hamar ziren Urola Kostakoak: Irigoien, Eizmendi, Martin Mendizabal azpeitiarra, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Joseba Ostolaza, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra.

Azkenekoz duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile txapelketa berreskuratu zuten atzokoan, eta orduko arau berberekin jokatu zuten proba: hiru minutuko bi txanda izan zituen harri-jasotzaile bakoitzak. Jasoaldi gehien lortzen zituena izan zen txapelduna. Ikusmin handia sortu zuen norgehiagokak, eta zale ugarik jarraitu zuen zuzenean proba.

Bi txandak amaituta, Aimar Galarragak lortu zuen posturik onena oriotarren artean, 6. sailkatu zen 12 jasoaldirekin. Joseba Ostolazak, berriz 9. postuan amaitu zuen lehia, 9 jasoaldi eginda. Eta, hamaikagarren egin zuen Gorka Etxeberria, txapelketako gazteenak 6 jasoaldirekin. Sufrituak izan ziren jasoaldiak, baina aldi berean, garbiak.

Ekitaldiko argazki bilduma ikusgai Tolosaldeko Atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!