Kantauriar isurialdeko arrantzaleek antxoa eta sardinaren arrantza akordioa defendatuko dute Frantziaren aurrean

Karkara 2020ko urt. 9a, 15:00

Gipuzkoa, Bizkaia, Asturias, Galizia eta Kantabriako arrantzaleek Santanderren (Espainia) adostutako arrantza gestio akordioa Frantziaren aurrean defendatuko dute urtarrilaren 14an, Getarian.

Asteartean bilduko dira arrantzaleak Kantauri isurialdeko antxoa eta sardina arrantza akordioa adosteko, Getarian. Gipuzkoa, Bizkaia, Asturias, Galizia eta Kantabriako arrantzaleek azteazkenean Santanderren adostu zuten erabakia defendatuko dute Frantziaren aurrean.

Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiak, Urola Kostako HITZAri jakinarazi dionez, ez du aldaketarik espero arrantza akordioari dagokionez hilaren 14ko bileran.  2010ean sinatu zuten Bilboko itunean hitzartutakoa mantentzea espero dute frantziarrekin.

Antxoa eta sardinaren arrantza legeztatzea da akordioaren asmoa, arrantzako floten arteko desadostasun eta arazoak ekiditeko. Helburuetako bat da, esaterako, espazio eta denbora berdinean elkar ez topatzea.

Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiko presidente den Emeterio Urrestik, aldaketa handirik espero ez dutela azaldu du, eta iazko akordioaren baldintza berdinetan arrantzatzen jarraitzea aurreikusten dutela adierazi du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!