Maria Maestraren jaiotzaren urteurrena da gaur

Karkara 2020ko urt. 10a, 10:15
Maria Maestraren bustoa Pilliku plazan dago, bere haurtzaindegia zenaren aurrean.

Maria Camino Arregik eskola guztiak euskaraz ematen zituen, baita honen erabilera debekatuta zegoenean ere.

Gaurko egunez jaio zen 1883an Maria Camino Arregi andereño edo irakaslea. 1897tik erretiratu zen arte, Pilliku plazako haurtzaindegiko arduraduna izan zen Maria Maestra, eta haren ondoan igaro zituzten bizitzako lehen urteak herriko haur askok.

Garai horretan arrantza zen herriko jarduera ekonomikorik garrantzitsuena, eta emakumeak itsasora joaten ez baziren ere, familia zaintzeaz gain arrantza sektorearekin lotutako lan asko ere egin behar izaten zituzten lehorrean: batzuk sarea josten aritzen ziren eta beste asko eskabetxerian lanean. Emakumeek zaintza eta etxetik kanpora egiten zuten lana uztartu ahal izateko ezinbestekoa izan zen Maria Maestraren haurtzaindegia. "Garai hartako familiak oso handiak ziren, seme-alaba asko genituen. Goiz eta arratsalde izaten zen haurtzaindegia irekita. Goizean uzten genituen haurrak eta 16:00ak inguruan jasotzen genituen. Tarte horretan etxeko lanak egiteko, eta tokatzen bazen sarera joateko aukera izaten genuen", azaldu du seme-alabak Maria Maestraren haurtzaindegira eraman zituen 87 urteko emakumeak.

Haurtzaindegian euskaraz
Maria Camino Arregik eskola guztiak euskaraz eman zituen, baita honen erabilera debekatuta zegoenean ere. 50. hamarkadan bertan ikasi zuen herritar batek gogoan du, Pilliku plazako aretoan ehun haurretik gora juntatzen zirela. "Euskaraz egiten genuen dena haurtzaindegian, eta Aita Guria eta beste hainbat kantu ere euskaraz ikasi genituen". 

Gaur egun Pilliku plazako haurtzaindegia itxita badago ere, Maria Maestraren oroitzapenak biziri dirau herrian, Orioko haur eskolak Maria Maestra Haurreskola baitu izena, Maria Camino Arregi andereñoaren omenez. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!