Ahalduntze Eskolako ikastaroetan lekurik gabe geratu direnek itxaron zerrendan izena emateko aukera dute

Karkara 2020ko urt. 13a, 13:22

Kudeaketa emozionala, Noka eta etxeko konponketei zuzendutako ikastaroek emango diote hasiera urteari.

Orioko Emakumeen Ahalduntze eskolak, emakumeen beharrak identifikatzeko diagnosia abiatzean iragarri modura, azterketa horretatik lortutako emaitzak oinarri hartuta, hainbat ikastaro antolatu dituzte, Ahalduntze Eskolaren barruan. Antolatzaileek adierazi dute espero baino lehenago ikastaro guztiak bete direla eta izen ematea itxi egin behar izan dutela. Ala eta guztiz ere, itxaron zerrenda osatu nahi dute badaezpada. Ikastaroren batean izena eman gabe geratu direnek ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzi beharko dute eta antolatzaileek jakinaraziko dute lekuren bat libre geratzen bada.

Honakoak dira eskainiko diren eskolak: kudeaketa emozionala, noka ikastaroa, etxeko konponketak, euskaltzaletasuna eta feminismoa, eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feminista ikastaroa. Urtarrilean edota otsailean hasiko dira saioak. 

  • Kudeaketa emozionala
    • Noiz: otsailaren 15ean, 09:30etik 13:30era.
    • Lekua: Salatxo aretoan.
    • Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz.
    • Saioaren gidaria: Irati Trebiño.
    • Azalpen orokorra: "Bizi garen gizarte eta garai hauetan, pertsonak gero eta urrunduago gaude elkarrengandik eta beharrezkoa da giza esperientziaren aberastasuna taldean bizi ahal izateko aukerak eskaintzen dizkiguten guneak sortzea. Izaki sentikorrak gara, baita izaki sozialak ere. Hortaz, bere osotasunean, jabetzeko eta hori esperientziara eraman ahal izateko abagunea sortzea da tailer honen helburua; gure sentimenduez jabetzeko, onartzeko eta horiek partekatu ahal izateko espazio bat sortzea".
  • Noka
    • Noiz: otsailaren 28an, martxoaren 6an, 13an eta 20an eta 27an, eta apirilaren 3an, 18:00etatik 19:30era.
    • Lekua: kultur etxean.
    • Hizkuntza: euskaraz.
    • Saioaren gidaria: AEK.
    • Azalpen orokorra: "Hitanoa bizi-bizirik dago Orion, baina ia-ia ez da erabiltzen neskei zuzentzerakoan, nahiz eta adineko emakume askok oraindik normaltasun osoz hitz egiten duten noka. Nokaren galera horrek, batetik, garbi islatzen du ahozko hizkeraren higadura; baina, bestalde, badu garrantzia emakumeon ahalduntzearen esparruan ere, noka hizkuntza erregistro egokia baita , emakumeon arteko konplizitatea sustatzeko eta gizon-emakumeen arteko harreman horizontalagoak eraikitzen laguntzeko".

  • Etxeko konponketak
    • Noiz: urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an eta 11n, 17:30etik 19:30era.
    • Lekua: Etxeluze gaztetxean.
    • Hizkuntza: euskaraz eta gazteleraz.
    • Saioaren gidaria: Izaskun Gurrutxaga.
    • Azalpen orokorra: "Tradizionalki mundu maskulinizatuak dira konponketak eta brikolajea. Tailer honetan
      emakumeon autonomia bilatuko dugu lanabesen manejua eta zurgintza landuz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!