Orioko Herri Ikastolak "Orio gara!" leloarekin jarri du martxan matrikulazio kanpaina

Karkara 2020ko urt. 13a, 15:30

Ikastolan matrikulatzeko epea urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da zabalik.

Orioko Herri Ikastolak hasiera eman dio 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpainari. "Orio gara!" lemapean kanpainak Orioko Herri Ikastola barru barrutik ezagutarazi du. Kanpaina aurkezteko prentsa agerraldian adierazi dutenez, "oinak Orion baina begirada munduan" dituzte ikastolan: "Garenetik mundua gelara ekarriz eta geletatik ikasleak mundura ateraz. Orio eraikitzen jarraitzeko gogo biziz gaude. Orioko Ikastolak ateak zabaltzen dizkio mundu zabalari. Guztiak besoak zabalik hartuko ditugu”.

Matrikulazio kanpaina urtarrilaren 27an hasi eta otsailaren 7an amaituko da (biak barne). Matrikula bulego ordutegian egin beharko da: goizez, 08:30etik 13:30era, eta arratsaldez, 14:30etik 18:30era. Familia liburua, nortasun agiriaren kopia eta umearen udal-errolda agiria aurkeztea beharrezkoa izango da. Matrikulazio epea zabaldu aurretik, gurasoentzako aurkezpen bilera, ate irekien jardunaldia eta haurraren garapena hizpide izango duen Alvaro Beñaranen hitzaldia antolatu dira. Beñaranen hitzaldia urtarrilaren 16an Ikastola aretoan egingo da arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Informazio bilera urtarrilaren 17an, ostirala, izango da Ikastolako HH 2-3 espazioan. Bi bilera egingo dira, lehena euskaraz (17:00etatik aurrera) eta bigarrena (18:30etik aurrera) gaztelaniaz.

Ikastola gertutik ezagutu nahi duen ororentzat Orioko Herri Ikastolak ateak zabalduko ditu urtarrilaren 18an, larunbata, goizeko 11:00etatik 12:30era. Bertaratzen direnek informatu eta ikastolako txoko guztiak ezagutzeko aukera izango dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!