Erreakzio ugari eragin du Patxi Oliden 'Danbolin'-en heriotzak

Karkara 2020ko urt. 15a, 18:19
Oliden, artxiboko irudi batean

Asteazken goizaldean hil zen, 96 urterekin. Lan oparoa egindakoa zen arlo askotan, eta bere heriotzaren berri izan orduko erreakzioak iristen hasi ziren. Ostegun honetan izango da haren aldeko hileta elizkizuna, parrokian, 18:00etan.

Asteazken goizaldean zendu da Patxi Oliden, oriotar askorentzat Patxi Danbolin, 96 urterekin. Ofizioz mekanikaria, arlo oso anitzetan nabarmendu zen oriotarra: surfeko oholak egiten aurrenetarikoa izan zen Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere, 1960eko hamarkada amaieran; musikagintzan lau mila partituratik gora sortuak zituen; eta baita bere haurtzaroko Oriori buruzko liburuxka egina ere.

Ostegun honetan izango da haren aldeko hileta elizkizuna, parrokian, 18:00etan. Haren senitartekoek jakinarazi dutenez, gorpua etxean edukiko dute ordura arte.

Hark egindako ekarpenaren erakusle dira, besteak beste, herriko musika eskolaren izena,  Iñigo Gaiton kazetariak berari buruz egindako film laburra, eta 2015ean herrian egin zioten omenaldia.

Urteetan aurrera joanda ere, ez zen etxean geldirik egotekoa Oliden: lehen aipatutako liburuxka 85 urterekin argitaratu zuen, 2008an, eta 94 urterekin, 2017an, aurrenekoa izan zen bozkatzen Gure Esku Dagok prestatutako herri galdeketan. "Garrantzitsua da euskal herritarrok gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izatea", esan zuen ordukoan.

Itxas Tresna surfeko taula

1960eko hamarkadan hasi zen Oliden surfeko oholak egiten herrian bertan. Aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Itxas Tresna izena jarri zion aurreneko surf oholari, eta Iñigo Gaiton kazetari oriotarrak Erreplika film laburrean jaso zuen Olidenen bizitzako alderdi hori.

Euskaltzalea

Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin zituen Olidenek; euskaraz alfabetatu gabea zen. Baina, 2008an argitaratutako Orio herrixka liburua idazten hastean, ez zuen zalantzarik izan euskaraz aritzearekin. 2008an Urola Kostako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan, hala esan zuen: "Gure etxean beti egon izan da euskararekiko nolabaiteko zaletasuna; txiki-txikitatik ikusi izan dut etxean euskarazko zerbait. Beti landu izan dut euskara, eta hala jarraitzen dut orain ere".

Lan hori egiten alboan izan zuen Jabier Zabaleta Euskara teknikaria, eta haren ekarpena azpimarratzen zuen Olidenek: "Jabierri komentatu nion herriaz nituen oroitzapenak biltzen ari nintzela, eta apunte horiek berari emateko eskatu zidan. Liburuarena ere bere ideia izan zen. Argazkiak biltzen ere bera aritu zen, eta horrek nik egindakoak baino meritu handiagoa izan zuen, zalantzarik gabe".

Zuzentzaile lanetan aritzea ere gustuko zuen Olidenek: "Gaur egun komunikabideetan egiten diren akatsak apuntatzeko ohitura dut, adibidez. Guztietan larriena gaztelerazko formak euskaratzea dela iruditzen zait; gaur egun asko egiten da, eta euskara guztiz desitxuratzen du horrek".

 

ERREAKZIOAK

 

Joxemari Olasagasti: "Nik asko zor diot Patxi Danbolini"
"Erretiratu aurretik, Patxik Usurbilgo Lanbide Eskolan lan egin zuen, mekanika sailean. Irakasle plaza lortzeko oposizioak Tarragonan egin zituen 57 urterekin, eta ondo aprobatu ondoren, 65 urterekin jubilatu zen. Ni berak gomendatuta hasi nintzen 1978an Usurbilgo Lanbide Eskolan lanean. 1981an oposizioak aprobatu, eta 1988ra arte eskola berean lan egin genuen, berak mekanika sailean, eta nik elektrizitate-elektronika arloan. Horrez gain, aipatu nahi dut Balearen bertsoetan oinarritutako Kale Jira danborrada ere berak konposatua zuela. 1985ean sortu zuen, Balea elkartearen omenez".   

Iñigo Fernandez, Orioko Surf Taldea: "Haren filosofiari jarraituko diogu"
"Patxik, orain dela urte gutxi bere Itxas Tresna marka komertzializatzeko kontratu eskaintza bat eduki zuen arren, marka Orioko Surf Taldeari oinordetzan uztea erabaki zuen. Orioko Surf Taldeak daukan altxorrik handiena da, eta oraindik ez dugu erabaki harekin zer egin, baina ez dugu helburu komertzialekin erabiliko. Patxi surf taulak egiten hasi zen surfa ez zedin aberatsen kirola izan eta herriko neska-mutilek ere surf egin ahal zezaten, eta filosofia horri jarraituko diogu".

Mikel Agote, surf taula egilea: "Patxi Danbolin aitzindaria izan zen surf taulak egiten Euskal Herrian eta Espainian"
"Patxi 60. hamarkada amaieran hasi zen surf taulak egiten, aberatsen eskura zegoen kirola herritarrei gerturatzeko asmoz. Berak ez zuen inoiz surfik egin, baina ezagutza teknologiko handia zuen, eta Orioko hondartzara etortzen ziren atzerritarrek erabiltzen zuten materiala ikusita, surf oholak egiteari ekin zion. Kirola ez ezagutzeak eta oholak egiteko lehengaia eskura ez izateak oztopoak sortu zizkion Patxi Danbolini, baina mugak gainditzea lortu zuen irudimena eta ezagutza uztartuz, eta aitzindaria izan zen Euskal Herri eta Espainia mailan. Eusko Gudari kalean zuen tailerra, eta askotan atea erdi irekita izaten zuenez, Ikastolatik etxerako bidean begira geratzen nintzen haurra nintzenean. Garai hartan hasi nintzen ni surfean lehen urratsak ematen, anaiaren eta lehengusuen bidea jarraituz, eta taula mordoa bata bestearen ondoan ikustea benetan ikusgarria iruditzen zitzaidan".

Imanol Urkizu, musikaria: "Musika arloan oso ekarpen garrantzitsua egin zion Patxi Danbolinek Oriori" 
"70. hamarkadan, umea nintzenean, Patxi Danbolinek ematen zizkigun solfeo eskolak, eta berak zuzentzen zuen herriko haurren abesbatza. Niri etxetik datorkit musikarako zaletasuna, baina hamalau urtera arte jardun nuen Patxi Danbolinekin musika ikasten, eta gerora ere harremana izan nuen berarekin. 80-90 haurrez osatutako taldea berak bakarrik gidatzen zuen. Gogoan dut txangoak egiten genituela eta beste herrietako txapelketetara ere eramaten gintuela. Izaera indartsuko gizona zen, baina bihotz onekoa. Musika arloan oso ekarpen garrantzitsua egin zion Patxi Danbolinek Oriori. Garai hartan ez zegoen musika eskolarik herrian, eta herriko musikariek borondatez musika-tresnak erakusten zizkiguten musika ikasi nahi genuen haurroi, eta 70. hamarkadan solfeoa ikasi genuen haur gehienok berarekin aritutakoak gara. Orduko oso oroitzapen politak ditut".

Elena Errasti, Danbolin Musika Eskolako zuzendaria: "Patxi Olidenek oso maitea zuen bere izena daraman Danbolin Musika Eskola"
"Patxik harreman estua izan du bere izena daraman Danbolin Musika Eskolarekin, oso maitea zuen. Hil den arte musika sortzea izan da bere zaletasuna, eta askotan etortzen zitzaigun musika eskolara berak sortutako partiturak ekartzera. Goizetan etortzen zen, berak sortutako kantuak ekartzen zizkigun eta gurekin berriketan aritzen zen. Musika sortzeak burua fresko mantentzen ziola esaten zuen beti. Artxibo handi bat egin genuen bere piezekin, eta orain Eresbil Musikaren Euskal Artxiboan gordeta dago Patxi Oliden Danbolin-en obra".   

Iñaki Iturain, Euskara teknikaria: "Tradizioaren maitalea zen Patxi Danbolin". 

"Etorkizunari begira oso berritzailea zen Patxi, iaioa zen oso teknologia berriak ikasi eta haiek erabiltzen. Horixe erakutsi zuen bai surf oholak egiten, bai musikaren partiturak ordenagailuan idatzi eta gordetzen. Baina bazuen iraganaren mina ere, joandako denboren hutsunea; tradizioaren maitalea zen. Eta iraganetik zetorkion Orio berak euskalduna ezagutzen zuen, eta horrelakoxea maite zuen. “Nik nahiago dut estropalariak azkenak etortzea, haiek denak erderaz entzutea baino!”, horrelaxe entzun nion nik. Patxi Danbolinenak dira Orioko euskara liburuan jarritako Orioko geografiako hitz toponimiko gehienak, errioko eta kostaldeko toki-izen ia denak, adibidez herriko dantza taldeak bere burua izendatzeko hartu zuen Harribil izena".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!