‘Motxilak Gora’ ikuskizuna antolatu dute iganderako, Xuaren urtebetetze egunerako

Karkara 2020ko urt. 16a, 13:50

Igandetik aurrera Xuak ezingo du amarekin Picassenteko espetxean bizitzen jarraitu, eta Usurbilera etorriko da aitona-amonekin bizitzera.

Igandean Xuak hiru urte beteko ditu, eta Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera plataformak “Motxilak gora” ekitaldia antolatu dute egun horretarako. Urtarrilaren 19an, igandean, Donostiako Atano pilotalekuan izango da saioa, 11:30ean hasita, eta herritarrak hitzordura gonbidatu dituzte.
 
Ekitaldiaren aurkezpenean azaldu dute, "haurrek urteak betetzen dituzten eguna pozgarria, koloretsua eta alaia" izaten dela. "Hortxe aritzen dira txikiak euren urtebetetzerako falta diren egunak ilusioz eta urduritasunez kontatzen". Xuaren hirugarren urtebetetzeak, ordea, berezitasun garrantzitsu bat izango du. Espainiako Espetxe Legeak aginduta, hiru urte betetzen dituen egunetik aurrera ezingo du kartzelan amarekin bizitzen jarraitu. Hala, Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster preso dauden Picassenteko espetxea utzi beharko du, eta Usurbilera joango da aitona-amonekin bizitzera. Horregatik, ekitaldian Xuaren omenez Zorionak kantua abesteaz gain, bere guraso Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Xuarekin batera Usurbilera bueltatu daitezela aldarrikatuko dute.
 
'Motxilak gora' ikuskizunean parte hartzeko sarrerak internet bidez eros daitezke Sareren webgunean, 6 euroren truke. Horrez gain, egunean bertan ere jarriko dituzte salgai 8 eurotan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!