"Burua hotz mantenduko dugu eta irabaztera joango gara"

Karkara 2020ko urt. 17a, 08:45

Aulki mugikorreko Distantzia Luzeko Gipuzkoako Txapelketa izango da igandean Orion, eta herriko arraun elkarteko taldeek ere parte hartuko dute urteko lehen arraun txapelketan.

ROSA ATORRASAGASTI - Orio Arraunketa Elkarteko arraunlaria

Igandean Oria ibaiko 2020ko lehen arraun txapelketa jokatuko duzue herrian. Garrantzitsua al da lehenengo lehia hori taldearentzat?
Beti izaten da garrantzitsua lehenengo txapelketa. Izan ere, orain arte egin dugun lanaren ostean, taldea zein mailatan dagoen jakiteko balioko digu. Bestetik, orain arteko prestaketarekin zein postutan gauden ikusi ahal izango dugu. Horrez gain, laster jokatuko dugu Euskadiko Txapelketa, eta estropada horri begira, ondo etorriko zaigu zer hobetu behar dugun ezagutzea.

Hiru lehiakide izango dituzue igandeko estropadan, Ur Kirolak eta Hondarribiaren A eta B txalupak. Zein dira aurkaririk indartsuenak?
Beldur gehiena Hondarribiak ematen digu. Aurreko ligako estropadan irabazi egin zigun talde horrek, denbora dezenteko aldearekin. Egia da Espainiako Txapelketan beraien aurretik sailkatu ginela baina, hala ere, distantzia luzeko estropadak oso ezberdinak izaten dira, eta indartsuenak beraiek izango direla iruditzen zait.

Etxean jokatzea berezia al da zuentzat?
Bai, oso berezia. Alde batetik, abantaila dugu etxean jokatzen dugulako. Estropada eremu horretan ia egunero egiten dugu arraun, eta buruz ikasita dugu bide hori jada. Gainera, bihurguneak ere oso ondo ezagutzen ditugu. Abantaila horri jendearen babesa gehitu behar zaio. Etxeko estropadetara zale ugari joaten dira, eta ikaragarrizko laguntza sentitzen dugu.

Zer moduz ikusten duzue zuen burua txapelketari begira?
Irailean hasi ginen entrenamenduekin, eta hobetzen joan gara pixkanaka. Asko bizkortu gara azken txapelketatik hona; iruditzen zait oraingoan hobeto prestatuta egongo garela. Orokorrean, ondo ikusten dugu gure burua, indartsu gaude. Hala ere, burua hotz mantenduko dugu igandean ,eta gure indar guztiarekin irabaztera joango gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!