2012an Orion markatutako atun bat Mediterraneoan harrapatu dute, 124 kiloko pisuarekin

Karkara 2020ko urt. 17a, 13:07

Azti Teknaliarekin elkarlanean, Muskuilu-Harri elkarteko kideek atunak harrapatu, markatu eta itsasora bueltatzen dituzte.

Urteak dira, Azti Tecnaliarekin elkarlanean, Muskuilu-Harria elkarteko arrantzaleak harrapatutako atunak markatzen eta askatzen hasi zirela. Elkartetik azaldu dutenez, atunak "migratzaileak" dira, eta ehunka miliako joan etorriak egiten dituzte hainbat itsasotan barrena. "Gure kostaldean arrantzatzen diren hegalaburrak alebinak dira askotan, 12 kilotik beherakoak". Horrelakoei, plastikozko espageti moduko bat jartzen diete atzeko hegalaren inguruan, gero itsasoan askatu eta haren segimendua egin ahal izateko. "Markatze lana ondo eta azkar egin behar izaten da, arrainak ez sufritzeko eta marka ondo finkatuta geratzeko". Hala, 2012an Orion markatutako atun baten berri jakin dute Muskuilu-Harri elkarteko kideek. Joanito Dorronsorok, Antxon Sarasolak eta Txema Falquerenek Leire ontzian markatu zuten atuna Mediterraneoan harrapatu dute berriro. "2012an, Oriotik 8 miliatara jaso zuten oriotarrek, eta 60 zentimetro eta 5 kilo zen orduan. 2019 urte bukaeran Maltatik hurre harrapatu dute, eta 1,97 metro eta 124 kilo zituen".

Muskuilu-Harri elkarteko kideentzat pozgarria izan da albistea, "egiten dugun lanaren balioa berresten du-eta". Azti Tecnaliako arduradunak ere zorionak eman dizkie arrantzaleei, eta elkarteko kideek nabarmendu dute "eurentzat ohorea" dela ikertzaileekin elkarlanean jardutea.

Lan zehatza
Atunak harrapatu eta markatzea ez da nolanahiko lana. Horregatik, Muskuilu-Harri elkarteko kideak urtero biltzen dira Aztiko ikertzaileekin eta bertan azaltzen diete prozedura. "Arraina markatzen denean, arrantzaleak apuntatu egin behar du zein ontzik egin duen markaketa eta zein den patroia. Horrez gain, markaketaren zenbakia, eguna, ordua, arrainaren luzera eta pisua eta non markatu den ere apuntatu behar ditu".

Muskuilu-Harri elkarteko kideek beren borondatez eta "gustu handiz" egiten dute lana, baina arrantzaleentzat kostu ekonomikoa ere baduela azaldu dute. "Lan honetarako diru-laguntzak oso txikiak dira, eta bakoitzak bere patrikatik ordaindu behar ditu erregaia eta erabiltzen diren aparejuak. Ikertzaileei laguntzeko egiten dugu, batez ere, arrantza jasangarri eta arduratsua babesten dugulako. Espero dugu urtero egiten dugun lanak fruituak ematen jarraitzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!