Xua Gurasoekin Etxera plataformak iganderako elkarretaratzea antolatu du Usurbilen

Karkara 2020ko urt. 17a, 15:40

Igandeko hitzorduan argazki jendetsua aterako dutela jakinarazi dute plataformako kideek, eta oriotarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte. 

Urtarrilaren 19an, datorren igandean, Xuak hiru urte beteko ditu. Espainiako Espetxe Legeak aginduta bere gurasoak preso dauden Picassenteko espetxean bizitzeari utzi beharko dio, eta Usurbilera etorriko da aitona-amonekin bizitzera. Horren aurrean, Xuarekin batera gurasoak etxera ekartzeko eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean 19:00etan Usurbilen. Herritarrak giza eskubideak oinarri dituen aldarrikapenarekin bat egitera eta mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek.

Herritarrei eta eragileei eskertza
Orain artean plataformaren aldarrikapenarekin bat egin duten norbanako eta talde guztiak eskertu nahi izan dituzte Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko kideek. "Ez dira gutxi izan familiaren banaketa ekiditea eskatu dutenak". Orotara, 2.220 pertsonek babestu dute eskakizuna. Usurbilgo eta Orioko 88 talde, elkarte eta merkatarik ere beren atxikimendua azaldu dute, eta herri ekimenetik bereziki nabarmendu dute Usurbilgo Ikastolak eta parrokiako bi erretoreek egindako ahalegina, "beren izenean familia ez banatzeko eskaera bideratu baitiete Espetxetako Zuzendaritza Orokorrari eta Zaintza Epaileari".

Horrez gain, Orio eta Usurbilgo udal-talde guztiei ere eskerrak eman dizkiete, "aurkeztu genuen mozioa aho batez onartu zutelako iazko urriaren 31n. Era berean, Batzar Nagusietako talde gehienek ere mozio berberarekin bat egin zuten joan den urtarrilaren 8an. Erakunde horiek ere beren akordioen berri eman diete Espetxetako Zuzendaritza Orokorrari eta Zaintza Epaileari". Arartekoaren aldetik jasotako arreta eta bere esku dagoena egiteko prestutasuna ere azpimarratu dute Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideek.

Ahalegina egin bada ere, "tamalez, azken uneko ezusteko bat ezean, igandean banaketa krudel hori gertatuko da, eta Xua motxiladun ume berri bat bilakatuko da". Horregatik, urtarrilaren 19rako antolatu dituzten egitasmoetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Igande goizean, 11:00etan hasita, Motxilak Gora ikuskizuna izango da Donostiako Atano Pilotalekuan, eta arratsaldean, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Usurbilen. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!