Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Aranjuezera lekualdatzea erabaki du Espetxe Zuzendaritzak

Karkara 2020ko urt. 23a, 10:30

Erabakiarekin aurrera eginez gero, Valentziako Picassent espetxetik Madrilgo Aranjuezera mugituko dituzte Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster euskal presoak. Iragan igandean bete zituen hiru urte haien alaba Xuak, eta beraz, aurrerantzean ezingo du gurasoekin kartzelan bizi.

Atzo, hilak 22, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak adierazi zuen Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster lekualdatuko dituztela. Erabakiarekin aurrera eginez gero, aurki, Valentziako Picassent kartzelatik Madrilgo Aranjuezera mugituko dituzte bi presoak. 2009. urtean atxilotu zituzten oriotarra eta usurbildarra, eta 2011. urtean, 12 urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigorren hiru laurdenak bete dituzte dagoeneko.

Espetxe Zuzendaritzak ez du argitu erabakiak zein arrazoi duen oinarri, eta ez du zehaztu lekualdaketaren ostean bestelako neurririk izango den edo ez. Hala ere, hainbat hedabidek azaldu dutenez, erabakiaren berri ematean, nabarmendu zuten haur txiki baten gurasoak direla bi presoak.

Aurreko igandean hiru urte bete zituen Urangaren eta Lasagabasterren alaba Xuak. Hala, Espainiako Espetxe Legeak aginduta, Picassentetik irten behar izan zuen haurrak, eta aurrerantzean, ezingo du gurasoekin presondegian bizitzen jarraitu. Usurbilen bizi da egun, aitona-amonen ondoan.

Igandean bertan, Xuaren urtebetetze egunean, elkarretaratzea izan zen Usurbilen, Xua Gurasoekin Etxera plataformaren eskutik. Hala, Xua gurasoekin etxeratu zedin eskatu zuten bertaratutako oriotar zein usurbildarrek. Argazki jendetsua ere atera zuten.

Aurrekariak

Oraingoa ez da Espetxe Zuzendaritzak gisa honetako erabaki bat hartzen duen aurreneko aldia. Sona handia izan zuen Sara Majarenas presoaren eta haren alaba Izarren kasuak; izan ere, Xuak bezala, kartzela eta ama utzi behar izan zituen umeak hiru urte betetzean. Orduko hartan ere ebazpen berdina mahaigaineratu zuen Espetxe Zuzendaritzak, eta Majarenas Picassentetik Aranjuezera mugitzea onartu zuen. Lekualdaketaren ostean etxebizitza batean bizitzeko aukera eman zieten ama-alabei, kartzelaren kontrolpeko etxe batean, hain zuzen. Bertan izan ziren biak, Majarenasek zigorra osorik bete arte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!