«Gizarteari balioko dioten kantuak egiteak salbatuko gaitu»

Karkara 2020ko urt. 23a, 14:05

Aurreko diskoa kaleratu eta sei urtera, Mikel Markez berriro sartu da estudiora bere hainbat kantu ezagunen zuzeneko bertsioak grabatzera. Azken urteetako lanaren «argazkia» egin nahi izan du horrela. Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Denbora bat darama Mikel Markezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) foku nagusietatik kanpo. Badira sei urte pasa Indar bat dabil hor (2013) estudioko azken diskoa kaleratu zuela, eta, tartean behin zuzenean aritu bada ere, beste zeregin batzuek oholtzetatik kanpo mantendu dute. Durangoko Azokaren aurretik, ordea, Biribilean Oiartzungo Mecca estudioan (Gipuzkoa) grabatutako zuzeneko diskoarekin itzuli zen. Lan horretan, bere hainbat kantu ezagun berrinterpretatu ditu Arkaitz Miner (biolina, biola, mandolina...), Julen Alonso (eskusoinua eta trikitia), Esti Markez alaba (ahotsa) eta Andrea Bidart (ahotsa) lagun zituela. Bihar Donostian aurkeztuko du zuzenean, eta otsailaren 1ean, berriz, Bilbon.

Zergatik erabaki duzu zuzeneko lan batekin itzultzea?

Disko berri baten aurreko pauso gisa egin dut hau. Neurri batean, nahi nuen, urte batzuk zuzenekoetatik ez hain gertu ibili ostean, igerilekuan zenbat ur dagoen ikusi. Egoera zein den. Eta, bestalde, hemen ez naiz asko ibili zuzenean, baina gauza batzuk gertatu dira neure bueltan. Alaba hasi da gurekin abesten, kolaboratu dut Kaliforniako jendearekin, Noka taldearekin egin nuen disko bat eta Julen Alonso batu zaigu taldera. Horren argazkia utzi nahi nuen disko berri bat egin aurretik.

Zeren arabera hautatu zenituen kantak?

Bat aukeratu dut, asko gustatzen zaigulako Arkaitzen zatia; beste bat, oso polita gelditzen delako hiru ahotsetara kantatua, beste hura beti abestu izan dudalako Andrea Bidartekin... Hamar minutu ere ez nituen pasatuko hautatzen.

Garai ezberdinetakoak ez ezik, tonu diferenteetakoak ere badira kantuak.

Bai, eta baita tematika ezberdinetakoak ere. Badira kantu nerabeak, 16 urterekin egindakoak. Baina berdin dio, adibidez. Hura izan zen nire lehen diskoko lehenengo kantua. Badira kantu sozialagoak ere, Konplize ditut eta, esaterako... Hori izan da gure bizitza. Zure begiek, adibidez, oso kantu nerabea da, eta gaur egun ez nuke halakorik egingo inondik ere, hori egin baino lehen ohean ezkutatuko nintzateke [barrez], baina hori ere izan nintzen. Ezin dut ukatu.

Jarraitu irakurtzen berria.eus atarian.

Mikel Markezek kontzertua emango du Aian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!