Greba orokorrarekin bat egin dute Orion

Karkara 2020ko urt. 30a, 10:34

Gaur greba orokor eguna da Hego Euskal Herrian, "lan, pentsio eta bizitza duinen" defentsan. Orion ere goizean goiz hasi dira grebari lotutako ekimenak.

08:30ean grebalarientzako gosaria izan da Antila aurreko plazan, eta horren ondotik, kaleak astintzeari ekin diote grebalariek. M-en Baen batukadaren eskutik, herriko kaleetan barrena ibili dira, grebara dei eginez. Eguerdian herrialde mailako mobilizazioa egingo dute Donostian, eta bertan izango dira oriotarrak ere. 12:30ean hasiko da manifestazioa, Artzai Onetik.

Gero Oriora itzuli eta bazkaria egingo dute grebara batu diren herritarrek, Pergolan. 18:00etan, aldiz, tokiko manifestazioa hasiko da Ibai Ondoko plazatik.

Mikel Borda LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, "langileek pentsiodunen mugimenduaren eskaerei bultzada emateko eguna" da gaurkoa. "Orion elkartu gara langileak, gazte taldeak edota mugimendu feministako kideak, adierazteko kalera atera behar dugula guztiok", dio Bordak: "Mundu guztia animatu nahi dugu kalera irtetera". Hala, azaldu du "argi izan behar dugula zergatik mobilizatzen garen gaur": "Pentsio duinak nahi ditugu, baita gutxieneko soldata duin bat ere, soldata eta pentsio duinen bidez gure bizitza ere duintzeko".

Dena den, herriko erretiratuak izan ditu gogoan: "Iruditzen zaigu herriko jubilatuek ez dutela mezua behar bezala jaso. Guk haien falta sumatzen dugu gaurkoan; nahiko genukeena baino gutxiago bertaratu dira gaur".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!