Udane Ostolaza Harri-jasotzailea

«Errekorra lortzen badut, nire lehenengo marka ofiziala izango da»

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko ots. 6a, 11:30

Udane Ostolaza harri-jasotzaileak errekor saiakera egingo du otsailaren 8an, larunbat honetan, 75 kiloko errektangularrarekin.

Larunbat honetan egingo duzu errekor saiakera. Zenbateko harriarekin jardungo duzu eta zein da zure helburua?

Larunbatean 75 kiloko harri errektangularrarekin egingo dut saioa. Nire helburua da harria behin jasotzea, baina momentuan bertan ikusten badut lehenengo jasoaldian ondo noala eta indartsu nagoela, bigarrenez jasotzen saiatuko naiz.

Zer moduz ikusten duzu zure burua errekorra lortzeko?

Gutxi gorabehera, hilabete eta erdi edo pasatu dut prestaketa lanetan. Hasieran, oso gogorra egin zitzaidan, 75 kiloko harrira salto izugarria izan baitzen niretzat. Hala ere, uste dut oso ondo entrenatu dudala eta ondo noala saiakerara.

Zazpi urterekin hasi zinen harria jasotzen, eta, besteak beste, 13 urterekin 68 kiloko errektangularra, eta 14 urterekin 63 kiloko kubikoa eta 50 kiloko bola jaso zenituen. Marka horiek, ordea, ez dira ofizialak.

Hori da. Aurten 15 urte beteko ditudanez, federazioko lizentzia eskuratuko dut. Zarautzen errekorra lortzen badut, nire lehenengo marka ofiziala izango da. Berezia izango da niretzat.

Aurrera begira markak lortzen joatea al da zure asmoa? Zein helburu dituzu?
Helburua marka hau ondo egitea da. Uda aldera ikusten badut gai naizela errekor berri bat ezartzeko edo hala eskaintzen badidate, saiatzeko moduan ikusten naiz. Niretzat harri egokiak dituen txapelketaren bat antolatzen badute, ezezkorik ez dut esango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!