Zaharren Babeslekuak ez du jarraituko pentsioen aldeko elkarretaratzeekin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 7a, 09:00

Urteko batzarra egin dute Orioko pentsiodunek, eta Txomin Iribarrek jarraituko du presidente karguan beste bi urtez. Izan ere, beste hautagarik ez da aurkeztu urteko batzarrean.

Elkarretaratzea antolatu izan du azken bi urteetan Zaharren Babeslekuko zuzendaritzak, baina bertan behera uztea erabaki dute. "Oso indartsu hasi baginen ere, parte hartzea nabarmen txikitu da. Zuzendaritza taldearentzat lotura handia da astero-aste- ro elkarretaratzea antolatzea. Horregatik, ardura hori beste talde batek hartzea proposatu genuen urtarril amaieran egindako urteko batzarrean. Tamalez, ez zen inor prest agertu, eta ez dugu elkarretaratzeekin jarraituko", azaldu du Txomin Iribar jubilatuen elkarteko presidenteak.

Iaz pare bat bazkiderekin "gorabeherak" izan ondoren, "nekatuta", Zaharren Babeslekuko presidente kargua utziko zuela jakinarazi zuen Iribarrek. Hautagaitza berriak aurkezteko prozesua ireki zuen elkarteak, baina hautagairik aurkeztu ez zenez, aurreko zuzendaritzak beste bi urtez jarraitzea erabaki zuen urteko batzar nagusian. "Guztira, 17 urte daramatzat zuzendaritza taldean, eta hamabi urte presidente lanetan. Gustura nago, baina iaz pare bat bazkiderekin arazoak izan genituen eta horrek jarraitzeko gogoa kendu zidan".

Dena dela, bazkideek elkartea zuzentzen jarraitzeko eskatu zieten Iribarri eta bere taldeari urteko batzarrean. "Ilusioz hartu nituen bazkideen hitzak, lanean ondo ari garela esan nahi baitu horrek. Hala, pasa den urteko giro txarra alde betera utzita, orain arte bezala lanean jarraituko dugu, ilusioz", nabarmendu du elkarteko presidenteak. Asteroko bingo saioa, mus txapelketa, bospasei egun pasa eta hamar eguneko bidaia antolatzen ditu elkartea urtean zehar.

Urteko kuota
Normalean Zaharren Babeslekuko bazkideek urteko zortzi euroko kuota urtarrilean ordaintzen dute, baina batzar nagusia egin arte ordainketa atzeratzea erabaki zuen zuzendaritza taldeak, urtearen hasieran.

Dagoeneko datozen bi urteetan elkartea gidatuko duen taldea zein izango den zehaztu dutenez, jakinarazi dute otsailaren 10etik 14ra bitartean kobratuko duela Zaharren Babeslekuak urteko kuota. Kuota arratsaldez ordaindu beharko dute bazkideek, 16:30etik 18:30era, astelehenetik ostiralera, biak barne

Bestalde, elkarteak jakinarazi du 2019ko abenduaren 31 baino lehen 80 urte bete zituzten bazkideei eta 80 urtetik gora dituztenei ez zaiela kuotarik kobratuko, baina «gainontzeko bazkide guztiek» ordaindu beharko dituzte zortzi euroak. «80 urtetik gorako 252 bazkide ditugu gaur egun elkartean», zehaztu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!