PAPEREKOA

"Oteizaren lan batzuekin erakusketa finkoa eduki behar genuke herrian"

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko ots. 10a, 08:44

Laneko erretiroa hartu zuenetik buru-belarri dabil Iñaki Arrillaga (Orio, 1952) bere 'kartoiaren tailerrean', hainbat sorkuntza lanetan. Olio-pinturaz eta akrilikoz osatutako paisaien margoekin murgildu zen artearen munduan eta, orain, eboluzio baten ondoren, abstrakzio geometrikoa eta digitalki sortzen dituen Pop Art itxurako ilustrazioak egiteari ekin dio.

IÑAKI ARRILLAGA - Sortzailea

Erretiroa hartzearekin batera, buru-belarri sartu zara artearen munduan, baina lehenago ere bazinen sortzailea.
Bai, aspaldi hasi nintzen olio-pinturan eta akrilikoan margotzen. Lan figuratiboak egiten nituen, paisaiak, bodegoiak... denborapasa modura. Pixkanaka, beste teknika eta elementu batzuk begiratzen hasi nintzen. Nire ikasketari esker, dibujoa betitik menderatu dut, eta horrek asko lagundu dit.

Orduan egin zenuen topo Jorge Oteizarekin?
Bai. Egia esan, betidanik izan dut buruan Jorge Oteiza. Lilura berezia sortzen didate bere kaxa hutsek. Niretzat bere lanik gailurrenetakoak dira. Arkitektura aldetik ere erreferenteak izan dira lan horiek. Orain dela gutxi Moneok, Kursaalaren arkitektoak, esan zuen bere lanak baduela Oteizaren kutsua.

Kubo hutsak, beraz.
Bai. Kubo hutsetan jarri nuen arreta, pieza guztien argazkiak hartu eta despiezeak egin nituen. Konturatu nintzen guztira hamabi bat kaxa ezberdin zirela, baina bazutela zerbait lotzen zituena. Horrela, nola eginak zeuden aztertzen hasi nintzen, eta denak banan-banan eskalan egin nituen kartoiarekin. Informazio bila nenbilela, kaxa horien izen arraroekin egin nuen topo: Malevich, Tatlin... gizon horiek nor ziren jakiteko kuriositatea sortu zitzaidan.

Nolabait, jakin nahi zenuen Oteizarekin zuten lotura?
Bai, hori da. Jakin nuen Kazimir Malevich orain dela ehun bat urte bizi izan zen margolari errusiar bat zela. Oso sorkuntza berritzaileak egin zituen, tartean, Oteizak kubo horiek egiteko erabili zuen Malevich unitateak. Et,a horri helduta, Zergatik Hamalau bilduma sortu nuen, eta Zumaiako Oxford aretoan jarri nuen erakusketa.

Malevich Unitatearekin eginiko piezek osatzen dute, beraz, Zergatik Hamalau lana.
Hainbat arte mota uztartu ditut Zergatik Hamalau bilduman, baina denak abstrakzio geometrikoan oinarrituta daude . Alde batetik, kuboen irudikapenak daude. Oteizak berak, zortzi unitate erabilita, forma, era eta posizio ezberdinetan kokatuta sortu zituen elementu guztiak. Nik nire lanetan ere horixe egin dut, nire ikuspuntu propioa emanez. Sorkuntza horiek koadro gisa egin ditut. Guztira berrogei inguru dira. Bi dimentsiotan ikus daitezke kuboak, burdin itxura duen paper berezi batekin collage antzerako zerbait osatuta. Etorkizun batean hirugarren dimentsio bat ateratzeko asmoarekin egin nituen. Oteizak kleraren lantegia zuen moduan, nik kartoiarena dut. Eta irudi horiei hirugarren dimentsioa ateratako kartoian ari naiz egiten kuboak, etorkizun batean burdinera pasatzeko asmoarekin.

Koadroez gain, eskulturak daude.
Bai, hori da. Oteizaren apostoluen bozetoak egiten hasi nintzen eta gaiari forma ematen. Marrazkiak osatzen hasterakoan besoak, eskuak eta arraunak gehitzeko beharra sentitu nuen. Forma originaletik abiatuta, nire ikuspuntua gehitu nien apostoluei. Egia da denak antzekoak direla gerritik behera, baina gerritik gora irudi ezberdina dute denek; batzuk gora begira daude Pietateari begira, sekulako duintasunarekin. Duintasun horri eutsi nion, eta bira berri bat eman nien siluetei.

Apostoluei arraunlari itxura eman zenien, arraun eta guzti. Zergatik?
Beti entzun izan dut apostolu horiek Orioko arraunlariak zirela, eta barnean gorde dudan zerbait izan da. Seguruenik Oteizak inguruko arraunlariak irudikatu zituen bertan. Itsasadarrean gora eta behera ikusiko zituen arraunlariak bere etxeko leihotik, eta gustatu egiten zait pentsatzea apostoluek arraunlari haien arimaren parte bat dutela. Kuriosoa da, apostoluak jarrita dauden frisoak 12 metro baititu, traineru batek bezala.

Arraunerako duzun zaletasunak ere izango zuen eraginik irudikapena egiterakoan.
Ziurrenik bai. Umea nintzenetik barruan daramat arrauna, nire etxean aita, osabak... arraunlariak izandakoak ziren eta horixe ikasi nuen etxean. Arraunlari ibili nintzen 1970eko hamarkadan urte batzuez, eta gero, 1990eko hamarkadan urte batzuk egin nituen Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzan. Baditut Kontxako bandera eta Espainiako Txapelketak hainbat modalitatetan. Baina oroitzapen berezia dut 1973ko Espainiako txapela lortu genuenean 8+ modalitatean Banyolesen (Herrialde Katalanak). Geroztik ez zen berriz lortu garaipenik 1994ra arte, pentsa! Datu bat emango dizut, konturatzeko nolako garrantzia eman zitzaion txapelketa hari: txapelketa irabazi eta astelehenean autobusean bueltatu ginen, eta bidera atera zitzaizkigun oriotar zaleak; Tolosan zain genituen, Aginan ere bai, eta Orioraino lagundu ziguten. Beraz, oriotar gehienok bezala badut lotura estua arraunarekin eta ziurrenik eragina izan duela nire sorkuntzei ikuspuntu propioa ematerako prozesuan.

Zergatik Hamalau bildumarako egin zenituen figurak, eta orain Orio Arraunketa Elkarteko emakume arraunlarien irudikapen bilakatu dira. Zu bezalako arraunzale batentzat ohorea izango zen proiektu honetan parte hartzea...
Egia esan oso polita eta aberasgarria izan da niretzat, eta denbora berrien adierazgarria ere bai.

Nolatan sortu da OAErekin lankidetzan egindako proiektu honen ideia?
Kasualitate hutsa izan da dena. Anuska Esnal alkateak bere bulegoan zuen nire apostoluetako baten irudia, burdinezkoa. Egin nuenean berehala otu zitzaidan sari gisa emateko pieza interesgarria izan zitekeela, kopa sinple bat eman beharrean. Orio biltzen duen sorkuntza bat iruditzen zitzaidan, arrauna eta Oteiza batzen dituena, indarra eta pasioa. Iosu Esnaola OAEko presidenteak ere, egun batean Esnalen bulegoan ikusi, eta ikaragarri gustatu omen zitzaion. Nirekin harremanetan jarri zen, adostu genuen klubak jendeari oroigarri gisa oparituko ziola. Hortik sortu da beste guztia. Emakumeen garaipena zela eta Hamalau apostoluak sortzeko ideia atera zen. Polita iruditu zitzaidan, gustura geratu nintzen emaitzarekin. Herritarrek ere aipatu didate gustatu zaiela ideia, eta hori beti hartzen da gustura.

Zure lan guztiak, ordea, ez dira Oteizaren eta arraunaren inguruan eginak.
Ez, niri lan inpresionistak asko gustatu izan zaizkit beti, baina aldi berean, autodidakta izan naiz beti.Horrek ekartzen dituen mugekin. Gustu gutxiagorekin edo gehiagorekin, baina bakarrik jardun naiz beti lanean. Guztira 80 bat koadro baditut jasota, baina batzuk ez ditut erakusten. Pixkanaka teknika hobetzen joan naiz, eta lanetan asko nabari da hori.

Autodidakta izatea zaila dela esango zenuke?
Niri behintzat ez zait egin zaila. Izan ere, nire ogibidea beste lanbide bat izan denez, erretiroa hartu bitartean ez dut aspektu hori aurrera ateratzeko beharrik izan. Artea hobby moduko bat izan da niretzat, ez dut inoiz pentsatu ogibide bilakatzerik. Eta eskerrak. Orain ordu asko pasatzen ditut, batez ere buruari bueltak ematen. Zerbait ikusten dut eta nola egin edo nola kokatu pentsatzen hasten naiz; lehen ez nuen denborarik horretarako.

Zer da momentu honetan gehien gustatzen zaizuna denborapasa honetatik?
Espazioa. Gutxienez bi adar desberdinetan jarduten naiz aldi berean. Hartara, nekerik ez zait sartzen. Nekea oso kontzeptu espaziala da. Aurreneko lanean edo espazioan ezinean banabil edo gogaitua sentitzen banaiz, hurrengora pasatzen naiz. Lanez aldatzean indarberrituta sentitzen naiz berriz ere, espazioz eta lan lineaz aldatzean desagertu egiten baita nekea.

Zer lantzen ari zara orain?
Oraintxe bertan digitalki sortzen ditudan irudiekin nabil buru-belarri.

Digitalki lan egiteak aurretik ikaskuntza prozesu bat izango du, ezta?
Bai, eta saiatu naiz horretan. Diseinu grafikoko ikastaro batzuk hartzeko gogoa sartu zitzaidan adar honekin hasi aurretik, saiatu nintzen Donostian eta aurkitzen, baina jubilatua naizenez, ezin izan dut ezer lortu. Neure kontura ikasten hasi nintzen. Liburuak eta behar nuen programa erosi nituen, eta hortxe jarduten naiz, egunero zerbait berria ikasten.

Ba al dute izenik sortze bidean dituzun irudi digital horiek?
Pop Art deitzen diot nik.

Nola sortzen dituzu irudiak?
Orain arte egin ditudanak arraunari lotutako irudiak izan dira. Argazki bat aukeratzen dut, eta bertatik abiatuta, programa baten bitartez trazuak sortzen ditut irudia osatzeraino.

Beraz, Pop Art bilduman ere arrauna da nagusi. Zergatik?
Oriokoa naizelako, kar-kar. Nik uste dut oso erakargarria dela figura horiek arraunari lotuta garatzea. Hala ere, teknika horrekin irudi arkitektonikoagoak egiten ere hasia naiz: Frantses eta Arozenako fabrikak irudikatu ditut, baita Salatxo ere... Kartel vintageak izango balira bezala ari naiz egiten, koloreekin jolastuz eta abar. Probak egiten ari naiz oraindik.

Kolorea aipatu duzunez, zein da gehien erabiltzen duzun paleta?
Beltza erabiltzen dut gehiena. Maleviche eta horiek ere beltza, gorria eta urdina erabiltzen zituzten. Oso kolore gutxi. Egia da kartel vintage estiloan egiten ari naizen lan horiek kolore gehiago dituztela, berdea, urdina... baina denak ere saturazio gutxiko koloreak dira.

Orokorrean, jendeak zure lana baloratzen duela esango zenuke?
Oso zaila da nik egiten ditudan sorkuntzak ikustea eta ulertzea. Askok esan didate ez zaiela gustatu egin dudan hori. Baina oso positiboa iruditzen zait iritzi hori, nik neure gustuko lana egiten baitut. Baina norbaitek bere iritzia emateak esan nahi du saiatu direla ulertzen. Beraz, baloratzen duten seinale da.Batek baino gehiagok esan dit lan asko egin dudala eta asko eskertzen da hori entzutea. Izan ere, lan eta denbora asko dago atzean. Nik arrazoi batetik abiatuta egiten dut dena. Espazioen oreka aurkitzen saiatzen naiz nire obretan. Jendeak pentsa dezake edozein modutara eginda daudela, baina ez, lan asko dute atzean.

Orion arteak behar lukeen tokia duela uste duzu?
Ez Orion eta ez beste inon. Galdera horri lotuta, udalari eskatu nahi diot sustatu dezala lankidetza Oteiza Fundazioarekin. Uste dut herrian erakusketa finko bat eduki beharko genukeela Oteizaren hainbat lanekin. Noski, horretarako lokal egoki bat beharko genuke. Orioko herritar bezala horren alde lan egin beharko genukeela iruditzen zait, ikaragarri irabaziko bailuke herriak. Oteiza Fundazioarekin hitz eginda, iruditzen zait lortuko genukeela, aurtengo udazkenean San Juanen egon baita erakusketa bat. Beraz, badago batetik bestera dabilen material bat. Udalak lana egin beharko luke horren alde.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!