"Saio bakoitzean 50 lagun inguruk ematen dute odola"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 12a, 09:15

Kristina Atorrasagastik 48 urte daramatza Orioko odol emaileen elkarteko arduraduna izaten. Azkar esaten bada ere, laster beteko du mende erdia karguan.

KRISTINA ATORRASAGASTI - Orioko odol emaileen elkarteko arduraduna

Odola emateko ohitura aldatu al da azken hamarkadetan?
1972. urtean sortu genuen Orioko odol emaileen elkartea. Irratian entzun genuen hainbat herritan odola emateko taldeak sortzen ari zirela, eta Orion ere taldea abiatzea erabaki genuen. Tartean ziren Ramon Etxeberria eta Kepa Loidi ere. Azken hamarkadetan asko aldatu da odola emateko ohitura herrian. Hasiera batean, jendeak pentsatzen zuen osasunarentzako kaltegarria zela odola ematea. Horregatik, herritarrek zituzten zalantzak argitzeko, Donostiako odol emaileen taldeko burua etorri zitzaigun herrira, odola ematearen inguruko hitzaldi bat eskaintzera. Hasierako kezkak gaindituta, boluntario asko izan ditugu bost hamarkadetan. 

Gaur egun zenbat lagunek ematen dute odola Orion?
Urtean 200 ateraldira iristen gara Orion. Gutxi gorabehera 50 lagun inguruk ematen du odola herrian. Gehiago ere izan gara, baina azkenaldian zertxobait jaitsi da boluntario kopurua. Izan ere, hasieran odola ematen hasi zirenak adinekoak dira orain; batzuk hil egin dira, eta beste batzuk 65 urtetik gora dituztenez, pixkanaka uzten joan dira. Drogak edo atzerrira joateko txertoak hartu dituztenek ere ezin dute odolik eman. Bestetik, odol emaileen elkartea unibertsitatera eta lantokietara ere joaten da, eta herritar askok lan egin edo ikasten duten tokian ematen dute odola.

Odol-emaile kopuruak gorabeherak izaten al ditu urte sasoiaren arabera?
Bai, urte sasoiak eragina izan ohi du odola ematerako orduan. Neguan, gripe garaian edo oporraldietan jende gutxiago etortzen da. Horrez gain, Orion ostiraletan pintxo potea egiten denez, konturatuta nago egun horretan ere jende gutxiago animatzen dela odola ematera. Nik ulertzen ditut familia gazteak; astean zehar elkarrekin egoteko denborarik ez dute izaten, eta normala da ostiral arratsaldean eta asteburuan familian egoteko aprobetxatzea. Horregatik, odol emate saioak astearte, asteazken edo ostegunetan jartzen saiatzen naiz, beti ezin bada ere. Datorren hitzordua, esaterako, martxoaren 13an izango da, ostiralarekin.

Gazteek odola emateko ohiturarik ba al dute?
Bai, guk gazte talde polita dugu herrian, eta kuadrillan etortzen dira odola ematera. Dena dela, boluntarioek ezin dute nahi adina aldiz eman odola. Hilekoa dela eta, anemia sortzeko arriskurik izan ez dadin, emakumeek gehienez urtean hiru aldiz eman dezakegu odola, eta gizonezkoek lau aldiz. Horregatik, Orion hiru hilabetean behin antolatzen dugu hitzordua, sarriagotan antolatzen badugu jende gutxiago biltzen baita saio bakoitzean.

Odola emateko saioek lan handia eskatzen al dute?
Asko erraztu da lana, eta hiru hilean behin izaten denez, ez da astuna egiten. Lehen nik neuk deitu behar izaten nien odol emaileei, baina gaur egun sare sozialen bidez jakinarazten diete hitzordua, Donostian dagoen egoitza nagusitik. Anbulatorioan, 18:00etatik 20:30era izaten da odola emateko saioa, eta bakoitzak badaki zer ordutarako joan behar duen. Aretoan zortzi lagunentzat tokia izaten da, eta saio bakoitzean 50 lagun inguruk ematen dute odola, txandaka. Ni ordubete lehenago iristen naiz, eta ogitartekoak prestatzen ditut, odol emaileak etortzen direnerako dena prest izan dadin. Horrez gain, bukatutakoan dena garbitu behar izaten dut, hurrengo egunean 08:00etarako anbulatorioa ireki behar izaten dutelako. Hala ere, esan behar dut senarraren eta alabaren laguntza izaten dudala beti.

Herritarrak odola ematearen garrantziaz jabetzen al dira?
Ez zaio merezi duen garrantzia ematen, eta lehen boluntario gehiago izaten ginen. Orain odol bankuak ditugu, eta odola behar dutenean horietara jotzen dute erietxeek. Dena dela, garai batean oriotarren batek odola behar zuenean, ospitalera joaten ginen harentzat odola ematera. Gogoan dut Orioko emakume bati ezin ziotela buruko ebakuntza egin nahikoa odol ez zutelako. Deitu egin zigun eta Oriotik hogei lagun joan ginen ospitalera berarentzat odola ematera.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak boluntarioen lana ere aitortzen du, ezta?
Urtero ekitaldia antolatzen du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, odol emaileen ahalegina aitortzeko. 25 aldiz odola ateratzen dutenei diploma eta zilarrezko bereizgarria ematen diete. Urrezko bereizgarria jasotzen dute odola 40 aldiz eman duten emakumeek edo 50 aldiz eman duten gizonezkoek. Eta azkenik, badago gorengo aitortza ere; emakumeei 60 aldiz odola ematen dutenean ematen diete, eta gizonezkoei 75 aldiz eman dutenean.

Norbaitek odola eman nahiko balu zer egin behar du?
Nirekin harremanetan jarri behar du. Odola emateko saiora etortzen denean probatxo bat egingo diote; ziztada batekin odol tanta bat aterako diote, eta hori aztertuta, esango diote odola ematerik ba ote duen. Probatxo hori odol emaile guztiei egiten diete ateraldi bakoitzean, saio batetik bestera boluntarioen egoera aldatu egin daiteke eta. Herritarrak odola ematera animatu nahi ditut, gizartearentzat ekarpen garrantzitsua baita. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!