Esteban Gozategik erretiroa hartuko du otsaila amaieran

Hamabi urtetatik ofizioan aritu ostean, otsailaren 28an erretiroa hartuko du Euskal Herriko azken erriberako arotzak. Urte luzez Mutiozabal ontziolan aritu zen lanean, eta Albaolan egin ditu ibilbide profesionaleko azken urteak.

Esteban Gozategik 12 urte zituen aitak, Agustin Gozategik, lanera laguntzaile moduan eraman zuenean. Agustinek eta bazkide batek egurrezko ontziak eraiki eta konpontzen zituzten Mutiozabal ontziolan.

16 urte bete bitartean, Oria ibaiaren ertzean ikasi zuen ofizioa erriberako arotzaren ofizioa. Hurrengo urteetan, baporeen ekoizpenaren jaitsiera nabarmenaren lekuko izan zen, eta mekanika ikasketak egiten zituen. 21 urterekin, soldadutzatik bueltan, berriz ere aitarekin hasi zen lanean. Ordurako, lana konponketak egitera mugatzen zen. Ontziolaren azken etapan, beste ontziola batzuentzat lanean eta mantentze lanetan aritzen nintzen batez ere. Egoera nahikoa zaila zen, adierazi du. Bilakaera hori sektoreak izandako eraldaketaren adierazle argia da: baporeak egiteko egurra erabiltzeari utzi zitzaion momentua islatzen du.

2011.urtean Albaola elkartean hasi zen lanean, 57 urterekin, San Juan baleontzia eraikitzen. Ezin nuen sinetsi. Ustekabean, aukera paregabea suertatu zitzaidan urteetan pilatutako jakintza gazteei transmititzeko eta lanean jarraitzeko. Bestetik, XVI. mendeko baleontzi bat eraikitzen laguntzeko kontratatu ninduten, sinestezina! zehaztu du Gozategik. Ibilbide profesionalari amaiera ezinhobea eman dio Albaolan. Aitak ondo erakutsi zidan ofizioa bizirik mantentzearen alde lan egiteko aukera izan dut, zehaztu du. Lankideei, Albaolako ontzigintza eskolako ikasleei eta atzerritik faktoriara hurbildutako beste askori erakutsi dizkie ofizioaren sekretuak.

Albaolako lan-taldeak eskertza adierazi dio Estebani, urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta ofizioari egindako ekarpenengatik. Albaolako ateak beti irekita izango dituzu, adierazi dute Itsas Kultur Faktoriatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!