"Etxeko lanak probaren aurretik egin behar dira"

Karkara 2020ko ots. 19a, 10:59

Martxoaren 1ean Aiako Mendi Lasterketa jokatuko da, eta eskualdeko hainbat kirolari hitzordurako prestatzen ari da. Horiei laguntzeko hainbat gomendio eman ditu Orioko Atletismo Taldeko Aitor Rubiok.

Mendi lasterketen denboraldian murgilduta daude eskualdeko korrikalari eta kirolari asko. Datozen asteetan izango dituzten erronkak minik hartu gabe gainditzeko, hainbat gomendio eman ditu Orioko Atletismo Taldeko Aitor Rubio korrikalariak. Oriotarrak urteak daramatza korrika, eta gaur egun nagusiki errepideko lasterketetan aritzen bada ere, bere garaian mendiko probetan ibilitakoa da.  Martxoaren 1ean Aiako Mendi Lasterketa jokatuko dute Pagoetako Parke Naturalean barrena, eta oriotarrak uste du lasterketa horretan parte hartzeko asmoa dutenek «dagoeneko etxeko lanak eginda» izan behar dituztela. «Ez da batere gomendagarria lasterketaren aurreko egunetan entrenamendu gogorrak egitea, hitzordura nekatuta iristeko arriskua baitago», azaldu du. Horregatik, edozein lasterketetan parte hartzeko, aldez aurretik plangintza egitea ezinbestekoa dela adierazi du. «Korrikalari bakoitzaren egoera fisikoa eta lasterka egiteko duen gaitasuna kontuan hartu behar dira, eta helburu egingarriak zehaztu». Horretarako, nork bere gorputza ezagutzea eta bakoitzaren erritmoa errespetatzea «gakoa» dela iritzi dio. «Entrenamendu saioetan ezin da ondokoarekin lehiatzen aritu, bakoitzak bere lana egin behar du». 

Korrika sekula egin ez duenarentzat, denbora gutxian mendiko lasterketa bat prestatzea «zaila izateaz gain, arriskutsua» ere badela uste du Rubiok, min hartu baitaiteke. «Korrika ibiltzen garenok ere proba bat ondo prestatzeko lauzpabost hilabeteko plangintza osatzen dugu». Korrikalariaren esanetan, pixkanaka entrenamendu saioetan kilometroak gehitzen joatea da bidea. «Korrika ibiltzen ez denak lehen hilabeteetan lasterka egiteko ohitura hartu beharko du, astean bizpahiru aldiz entrenatuz, eta ondoren hasiko da entrenamenduak maizago egiten». Oriotarrak aitortu du ezagutzen dituela gehiegi eta gogorregi entrenatzeagatik helburutzat zuten lasterketa egin gabe geratu diren lagun asko. «Beste edozein jardueratan bezala, pazientzia behar da hobetzeko, helburuak ezin baitira egun batetik bestera lortu. Izan ere, askotan azkarregi iritsi nahi dugu gure buruari markatu diogun helmugara», azaldu du.

Errepidea eta mendia
Mendi lasterketak prestatzerakoan, errepideko eta mendiko entrenamenduak uztartu behar direla uste du Rubiok. «Badira korrikalariak, mendi lasterketak egin nahi dituztelako, etengabe mendian entrenatzen jarduten direnak. Ohiko akatsa da hori. Ni ere mendian korrika ibilitakoa naiz, eta Zegama-Aizkorri prestatzen ari nintzenean hori gertatu zitzaidan». Dena dela, denborarekin ohartu zen, mendian bakarrik korrika eginez gero, «txispa eta bizkortasuna galdu» egiten direla, eta errepidean bakarrik ibilita, berriz, mendian korrika hasitakoan, «leher eginda» bukatzen dela. Horregatik, «mendia eta errepidea uztartzea» gomendatzen du.

Bestalde, lasterketako ibilbidea ezagutzea ere garrantzitsua dela iritzi dio oriotarrak. «Aldez aurretik ibilbidea askotan osatu badugu, une oro jakingo dugu zer datorren, eta proban zehar indarrak neurtzeko aukera izango dugu. Esperientzia aberasgarriagoa izango da».

GOMENDIOAK
Egutegian gorriz markatu den mendi lasterketarako astebete falta denean, kontuan hartu beharreko gomendioak eman ditu Aitor Rubio korrikalari oriotarrak. 
Entrenamenduak. Etxeko lanak «aurretik» egin behar dira, «azken astean ezin baita mirarik egin». Gainera, azken astean entrenamendu saio gogorregiak egiteagatik aurretik egindako lana zaputz daitekeela uste du oriotarrak. Horregatik, lasterketaren aurretik gorputza aktibatuta izatea eta errepidean korrika pixka bat egitea da Rubioren gomendioa.
Atseden hartzea. Normalean, lasterketaren aurretik ez dute ondo lo egiten korrikalariek, urduritasunaren ondorioz. Dena dela, aste guztiko, eta batez ere, bi egun lehenagoko loaldia oso garrantzitsua dela nabarmendu du oriotarrak.
Elikadura. Lasterketan parte hartu behar delako azken egunetan elikadura bat-batean aldatzea kaltegarria dela uste du Rubiok. «Hala ere, igande goizean mendi lasterketa egin behar bada, aurreko egunetan garbi jaten saiatu behar da. Larunbatean, esaterako, arroza bazkaltzea eta pasta oilaskoarekin afaltzea gomendagarria da». Gosaltzeko ohitura desberdinak ditu korrikalari bakoitzak; batzuek makarroiak jaten dituzte, eta beste batzuek nahiago dituzte elikagai arinagoak lasterketaren aurretik jateko; hala nola york urdaiazpikoa, jogurta, ogia edo fruta. Dena dela, komenigarria da proba hasi baino hiru ordu lehenago gosalduta egotea. 
Hidratazioa. Lasterketan zehar ondo hidratatu behar da, baina egunean bertan edaten den ura baino garrantzitsuagoa da aste guztian zehar edaten dena. Beraz, aurreko bi egunetan ura sarri edatea aholkatzen dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!