Oriaren jaitsierak 91 traineru eta 1.200 estropalaritik gora juntatuko ditu

Karkara 2020ko ots. 19a, 13:09

Gaur goizean aurkeztu dute Arraunetxean Oriaren XXVI. Traineru Jaitsiera. Eguerditik aurrera arraun giroa izango da herrian, eta 16:00etan ekingo diote estropadari. 

Larunbatean, otsailak 22, Oriaren XXVI. Traineru Jaitsiera jokatuko da 16:00etatik aurrera. Gaur goizean aurkeztu dute estropada Arraunetxean, eta bertan izan dira Iosu Esnaola OAEko presidentea, Anuska Esnal Orioko alkatea, Jose Angel Iparragirre Orioko Udaleko Kirol batzordeburua eta Ibon Maza Babyauto etxeko ordezkaria.

Estropadan 91 traineru eta 1.200 arraunlaritik gora arituko dira lehian, Esnaolak adierazi duenez. "1995. urtean antolatu zen lehen aldiz jaitsiera Orion, eta ordutik, 17.000 estropalari baino gehiagok parte hartu dute proban", gehitu du. Horregatik, Orio Arraun Elkartearentzat egun berezia dela adierazi du presidenteak, "eta urtez urte kanpotik etortzen diren arraunlarientzat ere bai". Izan ere, taldeek ondo prestatzen duten proba izaten da, eta estropalariek erakusten duten mailak are erakargarriagoa egiten du. "Azken urteetan,  Oriako jaitsieran emaitzak onak lortu dituzten taldeak gero udan fin ibili izan dira", argitu du presidenteak. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie antolaketan dabiltzan boluntario guztiei, Zarauzko Arraun Elkarteari haien arranpla uzteagatik, eta Orioko Udalari.

Traineru jaitsiera, oriotarren identitatearen ikur

Oriako traineru jaitsiera oriotarren identitatearen adierazle da, Anuska Esnal alkatearen esanetan. "Arraunak erakusten digu nondik gatozen eta nora goazen", zehaztu du. Jarraian, estropada aurrera ateratzeko lan egiten duten boluntarioen lana eskertu du, "horiek gabe ezinezkoa litzatekeelako halako kirol proba bat antolatzea". Hitzartzea bukatzeko, errioan lehian arituko dien estropalariak nabarmendu ditu, "beraiek izango direlako eguneko protagonista nagusiak".

Babyautoren azken estropada

Larunbateko estropadarekin batera bukatuko da Orio AE eta Babyauto etxearen arteko lankidetza. Azken hamar urteetan, Babyauto Orio AE-ren babesle nagusia izan da. "Esker oneko hitzak besterik ezin ditugu izan enpresarekiko. Gizonezkoen trainerua bigarren mailan zegoela erabaki zuten Orio AE-ren babesle izatea, eta emakumezkoen txalupan ere hasieratik egon dira. Garai zailetan hasi ginen bidea elkarrekin egiten, eta orain lankidetza amaitutzat ematea erabaki dute, elkartea momentu onean dagoenean", adierazi du Esnaolak. Segidan, Ibon Maza ordezkariari oroigarria eman dio, oriotarren izenean eskertza adierazteko.

4.000 eta 6.000 metroko ibilbideak

Estropada eremuan ez da aldaketarik izango aurtengo edizioan, eta antolatzaileek bi ibilbide egokituko dituzte larunbaterako. Luzeenak 6.000 metro izango ditu, eta estropalariek Mapilen (Aginaga) izango dute irteera puntua. Senior mailako gizonezkoak arituko dira eremu honetan.

4.000 metroko ibilbidean, berriz, estropalariak Sarikolatik aterako dira. Eremu honetan mediterraneoko ontziek, emakumeek, jubenilek eta beteranoek egingo dute arraunean.

Fanfarrea eta marmitakoa, eguerdian

Eguna osatzeko, antolatzaileek ekintza osagarri pare bat programatu dituzte eguerdi parterako: hamabietatik aurrera fanfarre bat herriko kaleak alaitzen arituko da, eta ordu batean, marmitakoa banatuko dute Ibai Ondo auzoko plazatxoan, errio ondoan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!