"Herritarrek jaitsiera berena egitea gustatuko litzaidake"

IƱigo Gaiton 2020ko ots. 20a, 12:00

Iosu Esnaolak Oriaren jaitsiera izango du lehen zita garrantzitsua, kargu berria hartu zuenetik. Herritarrak estropadaz gozatzera gonbidatu ditu.

Lehen zita garrantzitsua duzu larunbatean, OAEko presidente modura. Jende asko mugituko duen eguna izanik, nola bizi duzu antolaketa prozesua?
Zorionez, eroso ari gara antolaketa lanetan, lehengo zuzendaritzako kideak laguntzen ari zaizkigulako. Joxe Carrera Txankaren laguntza ere ezinbestekoa ari da izaten. Dena dela, urduritasuna sentitzen dut; ustez dena kontrolpean dugu, baina kezka beti dago hor.

Zer da zailena?
Egun benetan erakargarri bat antolatzea, arraunlariak eta ikusleak datorren edizioan itzul daitezen.

Zenbat lagun ari zarete lanean?
Jaitsierari begira, 40 lagun inguruko taldea.

OAErentzat jaitsiera errentagarria al da ekonomikoki?
Elkarteak gastu txikia izaten du, banderak egiteko bakarrik gastatzen dugu dirua. Azpiegituretan ez dugu gasturik izaten, Orioko Udalak uzten digulako behar izaten dugun guztia, eta eskulanean ere ez, boluntarioei esker. Zarauzko Arraun Elkarteari ere eskerrak eman behar dizkiogu, haien pantalana uzten digutelako.

Jaitsierak zer ematen dio OAEri?
Izen ona ematen dio elkarteari. Beste jaitsieretan 30 edo 40 taldek parte hartzen dute, eta larunbatean, 91 izango dira. Espainiako txoko desberdinetatik etortzen da jendea, eta hori ez da lortzen erraza.

Eta herriari?
Mugimendua. 1.000 arraunlari  baino gehiago elkartuko dira Orion, eta hori ona da herriko ostalarientzat eta turismoarentzat. Eta herritarrentzat ere bai, urtero giro bikaina izaten delako.

Mezuren bat ba al duzu OAEko zaleentzat?
Jaitsiera beren egitea gustatuko litzaidake, kirol probaz eta giroaz gozatzea. Kontatzen digutenaren arabera, kanpotik etortzen diren arraunlarientzat eta zaleentzat zita berezia izaten da, eta herritarrek ere modu beretsuan bizitzea nahi nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!