Babyautok Orio AEren babesle izateari lagako dio Oriaren jaitsieraren ostean

Karkara 2020ko ots. 20a, 16:45

Atzo eman zuten erabakiaren berri, Oriaren XXVI. Jaitsieraren aurkezpenean. 10 urteko lankidetza eskertzeko, Iosu Esnaola presidenteak oroigarria eman zion Ibon Maza Babyautoko ordezkariari.

Larunbat honetan jokatuko da Oriaren XXVI. Traineru Jaitsiera. Estropadaren ostean, Babyauto etxeak Orio AEren babesle izateari lagako dio, atzo Iosu Esnaola presidenteak jakitera eman zuenez.

Azken hamar urteetan, Babyauto Orio AE-ren babesle nagusia izan da. "Esker oneko hitzak besterik ezin ditugu izan enpresarekiko. Gizonezkoen trainerua bigarren mailan zegoela erabaki zuten Orio AE-ren babesle izatea, eta emakumezkoen txalupan ere hasieratik egon dira. Garai zailetan hasi ginen bidea elkarrekin egiten, eta orain, lankidetza amaitutzat ematea erabaki dute, elkartea momentu onean dagoenean", adierazi zuen Esnaolak. Ondoren, Ibon Maza ordezkariari oroigarria eman zion, oriotarren izenean eskertza adierazteko.

Arraun elkarteko presidenteak ez zuen babesle berrien inguruko informaziorik eman, "aste honetan Babyautori protagonismo osoa eman nahi diogu, gurekin ezin hobeto portatu direlako", adierazi zuen KARKARArekin egindako elkarrizketan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!