Maider Zabalegik pop eta folk doinuak ekarriko ditu gaur iluntzean kultur etxera

Karkara 2020ko ots. 21a, 16:30

Alaitz eta Maider bikote ezagunaren parte izan zen kantari oiartzuarra, eta beren abestiak ezagun egin ziren 90ko hamarkada amaieran. Hamairu urtez musika mundutik kanpo ibili ondoren, 2017an bakarkako ibilbideari ekin zion. Musikara itzultzea "prozesu gozagarria" izan dela adierazi dio KARKARAri, aste honetan egindako elkarrizketan.

Maider Zabalegik kontzertua emango du gaur gauean Orioko Kultur Etxean, gaueko hamarretatik aurrera. 2017an bakarkako ibilbideari ekion zionetik, bi disko eman ditu argitara kantari oiartzuarrak, "Zuei" eta "Bidean", hurrenez hurren. Emanaldian, bi lan horietako abestiak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Maider Zabalegiren ahotsa ezagun egin zen Euskal Herrian 90.hamarkada amaieran, "Alaitz eta Maider" taldearekin argitaratutako "Txanpon baten truke" edo "Amets bat" bezalako kantuei esker. 14 urte zituela ekin zion Alaitzekin musika egiteari, eta elkarrekin plaza eta areto asko bete zituzten. Bikoteak hiru disko eman zituen argitara: Alaitz eta Maider (1997), Inshala (1999) eta Auskalo (2002).

Bere izenarekin sinatu dituen bi diskoetan, trikitixa eta pandero doinuak albo batera laga ditu Zabaltegik, gitarrek presentzia handiagoa duten folk edo pop kutsua duten kantuak sortzeko. Orioko kontzertuan formatu akustikoan arituko da, Urbil Artola (dobroa eta ahotsak) eta Gorka Urrarekin (gitarra akustikoa) batera. "Kontzertu intimo eta goxoa ematen saiatuko gara", adierazi dio Zabaltegik KARKARAri aste honetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!