Orioko emakumezkoen traineruak irabazi du Oriaren Jaitsiera

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ots. 22a, 19:05

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen talde nagusia hirugarren sailkatu da, Hondarribiaren eta Santurtziren atzetik.

Oriaren Jaitsiera jokatu da gaur arratsaldean Orion. 91 ontzik eta 1300 arraunlari inguruk parte hartu dute neguko traineru estropadarik garrantzitsuenean, eta eguraldia lagun, jende asko bildu da errio bazterrean estropada bertatik bertara ikusteko.

Estropada luzea izan da. Lehenengo llagutak, eta jubenil eta beterano mailako traineruak atera dira. Ondoren emakumeen ontzien txanda izan da, eta azkenik gizonezkoen traineruek abiatu dute estropada. Hala, Mediterraneoko Llaguten kategorian Natació Badalona taldea izan da azkarrena. Kataluniako LLaguten artean Vogadors de Calafellek lortu du garaipena, eta jubenil mailako traineruek eta gizon eta emakumez osatutako traineruek kategoria berean parte hartu dute, eta Zumaiak lortu du denborarik onena. 

Beteranoetan Perillo nagusitu da 13:56,51 denbora markatuta, eta marka berria ezartzea lortu du, 22 segundotan hobetu baitu Trintxerpek 2005an jarritako marka (14:18,84).

Emakumezkoen kategorian, Orioko emakumezkoen trainerua nagusitu da, bigarren sailkatu den Arraun Lagunak taldeari 17 ehuneneko aterata. Gainera, oriotarrek ere Hibaikak 2017an (14:17,34) jarritako marka hobetzea lortu dute, bederatzi segundotan.

Senior mailako gizonezko traineruen artean Hondarribia izan da azkarrena, 19:10,50 denbora eginda. Ia bost segundora iritsi da Santurtzi, eta hirugarren sailkatu da etxeko taldea, 19:17:77 denborarekin.

Minbiziari aurre eginez 
Benidormeko Anemona Marina Baixa elkarteko emakumeek lehen aldiz parte hartu dute Oriaren Jaitsieran. Arraunlari horiek bularreko minbizia pasatako edo hori gainditzeko tratamenduan dauden emakumeak dira, eta duela urtebetetik arraunean egiten dute Club Nautico Benidormen. Hala, urrats bat aurrera egin eta Oriaren Jaitsieran parte hartzera animatu dira. Txalo zaparrada artean hartu dituzte ikusleek helmugan.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!